Xiberoko ikastolen aldeko otarrak eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 14a, 10:19

Xiberoko ikastolak lagundu eta bertako ekoizpena ezagutarazi eta dastatzeko moduan jartzen digun elkartasun ekimena abian da berriz Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Nafartarrak Taldekoen eskutik martxan da Usurbilen. Urte amaieran jaso ahalko dituzuen tokiko produktu goxoez hornituriko 3 otar ezberdin eskatzeko aukera duzue abenduaren 1era arte.

Zuberoako ikastolak laguntzearen garrantzia nabarmentzen dute ekimen honen sustatzaileek. “Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. Euskara hizkuntza guttiagotua da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, Ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen”. Transmisio lan horri segida emateko elkartasuna ezinbeskotzat jotzen dute, are gehiago covid19-ak astindu gaituen urte honetan. “Zuberoan Ikastolak garatzen eta indartzen jarraitzeko Euskal Herri osoko elkartasuna ezinbestekoa zaigu. Gaurko egoera berezian, covid19-a dela eta, oraino gehiago. Azken urte honetan, diru sartze ekimen guztiak ezeztatuak izan dira. Aurtengo saski salmenta hau diru sartze bakarra izanen da, oso beharrezkoa guretako”, ohartarazi dute.

Eskabideak ikaskoli.eus atarian bideratu ditzakezue edo bestela NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan edo 943 360 321 telefono zenbakira deituta. Covid19-ak baldintza dezake ekimena. Gogoan izan, abenduaren hasierara arte konfinamendua ezarri dute Ipar Euskal Herri osoan eta frantziar estatuan. Momentuz, kanpaina honen sustatzaileen esanetan abenduaren 10 eta 11ko asteburuan banatu asmo dituzte saskiok. Nahiz ohartarazi dutenez, “egun horiek alda daitezke itxialdiak luzatuak baldin badira”. Kasu horretan, hartuemanetan jarriko lirateke kanpaina hau bideratzen ari diren taldeekin. “Abisatuko zaituztegu. Zer nahi izanik, dirua itzultzeko ere prestaturik gara”.

Saskiak
Ahüzki
Prezioa: 40 euro.
Produktuak: xerriki patea (190 g), ahate gibel berrosatua (125 g), eztia (500 g), bixkotx poltsa artisanala (150 g), ardi gazna (550 g).

Irati
Prezioa: 55 euro.
Produktuak: xerriki patea (190 g), ahate gibel berrosatua (125 g), axoa: xahalki xehatua saltsan (640 g), “Ezti Olha” eztia (edo hau faltatzen balitz, “Bortüko” eztia-500 g), bixkotx poltsa artisanala (150 g), ardi gazna (550 g).

Orhi
Prezioa: 70 euro.
Produktuak: ahate gibela (200 g), bixkotx gatzatuak (80 g), lukainka idorra (230 g), azafrai erreximenta (edo hau faltatzen balitz, “Bortüko” eztia-250 ml), gazna (1 kg).

Informazio gehiagorako: ikaskoli.eus