Euskaraldia

"Piztu dadila euskararen sua gure artean"

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 21a, 13:43

Aurten bizitzerik izan ez dugun txupinazoa jaurtita abiatu dute Usurbilen, Euskaraldiaren 2. edizioa. Abenduaren 4ra arte, Ahobizi nahiz Belarriprestek, baita entitateek ere ariguneen bidez euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan ahotan hartzeko konpromisoa gauzatuko dute. Usurbilen 34 entitateek eta ia 900 norbanakoek.

Aurten ez dugu festarik izan, ezta jaien hasierarik, txupinazorik ere. Ezohikoa da honenbestez, ostiral honetan jaso ahal izan dugun irudia. Izan ez ditugun jaien hasiera ekitaldiaren pareko hitzordu sinbolikoa ospatu da, Euskaraldia ofizialki abiatzeko. Udaletxeko balkoitik herriari adierazpena plazaratu eta txupinazoa jaurtita, hasi da 15 eguneko ariketa kolektiboa. 

Euskaraldiaren hasiera suziria piztu duena, azken asteotan, izen emate kanpaina bideratzen aritu diren Jon, Aitor eta Garbiñe hirukotea izan da. Bizi dugun osasun krisialdia tarteko ezin denak bildu eta hiruren izenean datozen bi asteotako ekimenean Belarriprest gisa parte hartuko duen Jonek hitz egin du.

ADIERAZPENA
Tira, azken aldian, nahiko disgustu eta gorabehera ditugu baina gaurko iragarkizunak, albiste ona dakar behingoagatik! Euskaraldia hastera doa!

Gutako bakoitzak bere txapatxoa jantzi, badakizue Belarriprest edo Ahobizi, eta 15 egunez hizkuntza-ohiturak aldatzeko apustua egingo dugu. Eh! Nork bere ahalmenetik, noski, tentuz... Baina seguru!

Horixe baita Euskaraldiaren filosofia: urrats txikia, aurrerapauso handia! Etxe azpiko dendan, sukaldean, parkean, lanean, yogako klasean... amarekin, aitarekin, ilobarekin, bideodeiaren beste aldean duzunarekin... eh eta baita jaungoikoarekin ere akaso! Ziur dagoeneko badakizuela non eragin dezakezuen aldaketa!

Izan ere, Euskal Herria gara, euskara dugu hizkuntza, eta euskaraz bizitzeko nahia dugu. Eta askotan ez gara ohartzen, aldamenekoak ere nahi bera izan dezakeela, baina inertziek eta ohiturek eramaten gaituztela kontrako norabidean. Gu ere aktibatzera goaz, hortaz!

Diplomatiko jartzen ari naiz... Barkatuko didazue, nire burua balkoian ikusita hazi egiten naiz. 

Lehertu dadila Euskaraldia! Piztu dadila euskararen sua gure artean!

Aupa Usurbil, eta gora Euskaraldia!
Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan!