Merkataritza hizpide

Ane ile-apaindegia: “Beherakada nabarituko dugula iruditzen zait”

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 23a, 09:08

Pandemia ile-apaindegian izaten ari den eraginaz edota Gertuago kanpainaz elkarrizketatu du NOAUA!-k Ane ile-apaindegiko arduraduna.

NOAUA! Zaharren Egoitzan ile-apaindegia izanda, nola harrapatu zintuen martxoko itxialdiak?Ane Ile-apaindegia: Hasieran kolpe gogorra izan zen, batez ere moralki. Ekonomikoki nola aurre egin, hori izan zen lehen kezka, baina diru-laguntzak jaso genituen, langileak ERTE-ra joanda, eta tira, horrenbestean pasatu genuen.

Jada erritmo normalera itzuli zaretela esango zenuke?
Nahikoa normaldu dela bai  esango nuke, baina ez erabat. Ez da berdina. Nik uste dut dena erabat normalizatu arte, eta pandemiaren kontua iragan bilakatu arte, ez garela erabateko normaltasunera itzuliko, eta gerora ere nire dudak dauzkat. Lehen noiznahi etortzen ziren bezeroak zerbait zuten bakoitzean: alaba etxera bazkaltzera datorrela, lagunekin bazkaria dutela, familiakoekin kanpoan afaria... Hori guztia iraganeko kontua da orain, neurri handi batean. Beste batzuek, astero etortzeko ohitura dutenek, berdin berdin etortzen jarraitzen dute. Neurri handi batean eskertu ere egiten dut. Orain ez baita posible erritmo bera jarraitzea edukiera kontuagatik eta osasun neurriengatik. Ez litzateke posible.

Gertuago kanpainan parte hartzen ari zara. Bezeroak adinekoak izate horrek badu eraginik Internetetik erostean? Ongi moldatzen dira?
Batzuei nik lagundu diet erosketa egiten hemen bertan, pena ematen zidalako horrelako aukera ez aprobetxatzea. Internet ez dute ezagutzen askok, eta mugikorrean Internetik ez daukate, orduan zaila da. Batzuei seme-alabek lagundu diete, hala ere. Orokorrean, hala ere ez da gehiegi iritsi beraiengana. Askorentzat lau euro aurrezteagatik ez du merezi horrelako esfortzuak.

Nola ikusten dituzu datozen hilabeteak?
Iruditzen zait eragin handia izango duela adinekoengan, gehiago beldurtuko direla. Azken aste hauetan jende gehiago etorri da ilea moztera, badaezpada berriz ere etxean konfinatzea tokatzen bada behintzat prest harrapatzeko. Iruditzen zait beherakada nabariko dugula.