Haur eta nerabeen mugikorren erabilerak kezkatuta solasaldia egin dute Udarregin

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 25a, 09:36

Hitz-Aho guraso elkarteak antolatuta, haurrengan mugikorraren eraginak aztertu dituzte hainbat gurasok eta Bidelagun elkarteko dinamizatzaileak. Hainbat eskoletan egin dituzte gisa honetako solasaldiak eta, Zarauzko Ikastolan esperientzia bat martxan ere jarri dute. Guzti hori izan dute aztergai jangelan.

Geroz eta lehenago ematen zaie lehen mugikorra haur eta nerabeei. Jaunartzeko opari izarra izan ohi da azken urteetan. Guraso asko kezkatuta daude eta zalantzak dituzte seme-alabei mugikorra zein momentutan eman. Egun, batez besteko bat eginda, Udarregi Ikastolan badirudi DBH1en hasten direla haurrak beren mugikor propioa izaten, hots, Interneta daukan mugikorrez ari gara uneoro. Nahiko txukuna den datua dela dio dinamizatzaileak, eskola askotan LH3-5 bitartean hasten omen dira eta. 

 

Datuak mahai gainean, arriskuak aztertu behar. Lehen mugikorrarekin batera, haur eta nerabeek sare sozialetan kontuak ireki ohi dituzte, gutxienez sare sozial batean bai behintzat. Horrek zuzenean kanpoko munduarekin eta adin guztietako jendearekin jartzen ditu kontaktuan, eta hori arriskutsu izan liteke mugikorraren erabilera egokia egiten ez dakien haur batentzat. 

 

Zarautzen, gurasoak elkartu eta erabaki zuten haiek erabaki behar zutela haurrei mugikorra noiz eman. Askotan, gurasoak presionatuta sentitzen dira haurrari mugikor bat emateko, gelako lagun askok badituztela eta bazter ez dezaten. Egoera horren aurrean, gela horretako gurasoen artean hitzarmen moduko bat egitea da egokiena, zein adinetan emango dizkieten zehaztuta. Gisa horretara, haurrek ez dute beharrik sentituko mugikor bat izateko, lagunek ere ez baitute izango. Baina noiz eman? Bidelagun elkartearen aburuz, 16 urte lirateke egokienak. Izaera askoz garatuago daukate adin horretan, eta gizarteko arriskuez askoz jabetuago daude. Horrela euren burua behar bezala babes dezakete. Kontua da, adin horretara arte mugikorra ez ematea ez dela oso bideragarria, eta oso zaila dela ordura arte presioari ustea. 

 

Beraz, zer egin dezakete gurasoek egoera horren aurrean? Elkar hartu eta erabaki bateratuak hartu, eta haurrekin ere gaia behar bezala landu. Hortik aurrerakoak, tamalez, ez daude beraien esku.