N-634 errepideko errei bat itxiko dute abenduaren 1ean hiru hilabeterako

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 25a, 08:00

Errepide sareari lotutako ohar garrantzitsu bat; Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez, abenduaren 1etik aurrera, eta hiru hilabetez udalerri hau zeharkatzen duen N-634 errepideko errei bat itxita egongo da Txikierdi eta Troia artean. Donostiatik Usurbil aldera etortzeko baliatu dezakeguna hain zuzen.

Errepidera atera behar duzuenontzat ohar garrantzitsua; N-634 errepidearen erreietako bat itxita izango da abenduaren 1etik aurrera hiru hilabetez. Zenbait lan egitekoa da bertan Foru Aldundia. Hala ohartarazi du Usurbilgo Udalak sare sozialen bidez. 

"Gipuzkoako Aldundiak N634 errepidean, Troiatik Txikierdiraino, egingo dituen obrak direla eta, errei bakarra egongo da erabilgarri hiru hilabetez, asteartean hasita. Usurbilerako erreia izango da itxiko dutena, pareta egonkortzeko lanak egingo baitituzte", berri eman du Usurbilgo Udalak.

Lan hauek amaitu artean, ibilgailuen joan etorria kudeatzeko behin-behinean semaforoak ezarriko dituzte, eguneko 24 ordutan, asteko zazpi egunetan. "Behin-behineko semaforoak jarriko dituzte zirkulazioa bideratzeko, une oro: asteburuak eta gauak barne", ohartarazi du Udalak. Izango da bestelako aldaketarik ere; Troiako pasabidean hain zuzen. "Oinezkoek Troiatik pasatzeko aukera izango dute, baina hori igarotzeko dagoen semaforoa ez da martxan izango", argitu du Udalak.