Udalbatzarra

Marokok su-etena hautsi izana salatu eta saharar herriari babes osoa adierazi diote

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 27a, 10:32

Iragan larunbatean herritarrek Mikel Laboa plazan egin zuten moduan, Usurbilgo Udalaren txanda izan zen osteguneko udalbatzarrean. Herritar talde batek aurkezturiko erakunde adierazpena onartu zuten gehiengo osoz. Marokok 1991tik indarrean zen su-etena nahita hautsi izana salatu eta saharar herriari babesa adierazi zioten.

Horrez gain, MINURSORI eta Nazio Batuen Erakundeari autodeterminazio-erreferendum bidez Mendebaldeko Saharako gatazkaren behin betiko konponbidea sustatzea eskatzen diete. Sahara administratzen duen potentzia gisa, dagokion erantzukizuna bere gain har dezala exijitzen diote Espainiako Gobernuari. Eta herritarrak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa babesteko deitzen diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dituzte.

EHBildu eta EAJ udal taldeek babestu zuten testua. PSE-k abstenitzea erabaki zuen. "Ezin dugu terminologia partekatu" zioen Patxi Suarez zinegotziak. Marokok erreferendum akordioak etengabe urratu dituen arren, kontuan hartzekoa deritzo kanariar irletara heltzen ari diren migranteen errealitatea edota arrantzaleek bertan dituzten interesak. 

Saharar herriari babes osoa adierazi, beharrezko baliabideak emateko borondatea agertu eta sahararren egoera egonkortzeko desioa agertu zuen Suarezek. "Europak eta Espainiak gehiago egin ahal dute" bere ustez baina "nazioarteko komunitatearekin joan behar dugu". 

Udal gobernu taldetik penaz jaso zuten PSE-ren abstentzioa. Alkate Agurtzane Solaberrietaren esanetan, Espainiako Gobernuko kide den alderdi horren "egitekoa garrantzitsua da, ezin du beste aldera begiratu. Dagokion ardura bere gain hartu behar du. Marokoren aurrean jarrera tinkoagoa erakutsi behar luke".



MOZIOA
Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaieraren aurrean adierazpen instituzionala egiteko proposamena


2020ko azaroaren 13an, Marokoko Indar Armatuek nahita urratu zuten 1991tik indarrean dagoen Marokoko Erresumaren eta Fronte Polisarioaren arteko Su Eten Akordioa.

Marokoko Erresumak Guerguerateko legez kanpoko pasabidera indar militarrak bidali zituen, duela lau astetik eremu horretan manifestazioak egiten ari ziren saharar herritarrak erreprimitzera.

Marokok 2001ean ireki zuen pasabide hori, Nazioarteko Zuzenbidea urratuz. Nazio Batuen Bake Akordioak (1988) eta Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko akordio militarrek Marokoko harresi militarrean pasabideak irekitzea debekatzen dute.

Indar marokoarren erasoaldiak eta Fronte Polisarioak saharar populazio zibilaren defentsan emandako erantzun legitimoak harresian zehar hainbat liskar eragin ditu. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Presidenteak, adierazpen baten bitartez amaitutzat eman du Fronte Polisarioak eta Marokoko Erresumak 1991n sinatutako su-eten konpromisoa.

Gertakari horien aurrean Usurbilgo Udalak, Sahara Euskadi Mugimenduarekin eta Euskadiko Fronte Polisarioaren Ordezkaritzarekin batera:
-Berresten dugu zalantzarik gabeko elkartasuna diogula saharar herriaren eta haren legezko ordezkari Fronte Polisarioaren borrokari.
-Marokoko Erresumari egozten diogu 1991n Su-Etena apurtu izana, eta sortu den eta Magrebeko eskualde osora zabal daitekeen ezegonkortasunaren erantzukizuna.
-MINURSOri eta Nazio Batuei eremuan segurtasuna eta sahararren giza eskubideen zaintza berma dezatela eskatzen diegu; eta, besterik gabe, autodeterminazio-erreferendumaren bidez, Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide bidezkoa eta behin betikoa susta dezatela.
-Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari Mendebaldeko Saharan gertatzen den guztiarengatik dituen erantzukizunak bere gain har ditzala eskatzen diogu; izan ere, Lurralde ez-autonomoa da, Marokok legez kanpo okupatua, NBEren agindupean, eta gatazkan dauden bi aldeak Genevako Hitzarmenaren sinatzaileak dira.
-Espainiako gobernuari Mendebaldeko Sahara "de iure" administratzen duen potentzia gisa duen erantzukizuna bere gain har dezala exijitzen diogu; eta horren arabera joka dezala, autodeterminazio-erreferendumaren antolaketan eta Saharako biztanleria zibilaren babesean parte aktiboa izanik.
-Sahara Euskadi Mugimenduak Fronte Polisarioaren Ordezkaritzarekin batera Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa babesteko deitzen dituen mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen ditugu euskal herritarrak.