Euskaraldia

Herritarrak hizkuntza eskubideez kontzientziatu eta ahalduntzeko lankidetza hitzarmen berria

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 30a, 11:49

Elkarlana lehendik ere bazen arren, hizkuntza eskubideen defentsan urrats berri gisa definitzen du Usurbilgo Udalak Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin urtebeterako egunotan sinatu duen lankidetza hitzarmen berria. Potxoenean izan zen sinatze ekitaldia azaroaren 26an; aipatu bi erakundeetako ordezkariak, UEMA eta NOAUA! K.E. bildu zituen hitzorduak. Herritarrak hizkuntza eskubideez kontzientziatu eta ahalduntzea du helburu. Eskubideok bermatzeko tresnak eskaintzea.

Ezin testuinguru aproposagoan emandako urratsa hain zuzen; Euskaraldi betean baikara. Denbora da herritarrek dituzten hizkuntza eskubideen gaineko kontzientzia hartzeko lanean dabiltzala. Baina "kontzientzia aktibatzeaz gain, garrantzitsua da eskubide horiek bermatu ahal izateko tresnak ere eskaintzea", Agurtzane Solaberrieta alkatearen esanetan. Behatokia eta Udalaren arteko hitzarmenean horretan sakontzen dela dio. "Kontzientzia lantzean eta batez ere herritarrak euren hizkuntza eskubideen inguruan ahalduntzean", hain zuzen.

Hitzarmen honetan adostu bezala, datorren urte hasieran Behatokiak abiaraziko duen ekimena iragarri du alkateak. Xehetasunak aurrerago eskaintzekotan dira, baina "herritarrei dei berezia egin nahi diegu parte hartzeko".

Euskara, zerbitzuen bermatzaile
Herritarrok ditugun hizkuntza eskubideez jabetu eta jasotzen dugun informazio zein zerbitzu oro euskaraz exijitzea eskatzen digute Behatokitik. Eta urraketak gertatu ahala, salatzea. "Gure lanak zentzua hartzen du, herritarrek ariketa hori egiten dutenean", zioen hitzarmena sinatzeko unean Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak.

Bai lehen eta bai Euskaraldi honetan euskaraz bizitzeko nahia etengabe aldarrikatzen ari garen honetan, "euskaraz bizitze horrek bere traba eta eragozpenak" dituela gogorarazten du. Horregatik "erabilera hori sustatzeko espazioak izan eta eskaintzea" beharrezkotzat jotzen du. Eta horretan administrazio publikoak zeregin berezia duela nabarmentzen du "udalek bereziki". Eskaintzen diren informazio eta zerbitzuetan "herritarrek zerbitzua euskaraz lasai eta egoki jasoko dutela ziurtatu behar du". 

Usurbilen konpromiso hori izan badela nabarmentzen du Behatokiak, baina "herritarren eta haien oinarrizko eskubideak errespetatu eta kontuan hartzea ere eskatu behar dugu". Oinarrizko eskubideen artean baitago, hizkuntza eskubideena.

Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalak dioen moduan, ezin da inor bereizi, besteak beste, arraza, kolorea, sexua edota hizkuntzagatik. Aitortua dugun oinarrizko eskubide hau betetzea eskatzen du Behatokiko zuzendariak, "erakundeetan modu naturalean barneratzeko garaia dugu". 

Pandemia hilabeteok hizkuntza eskubideen urraketaren adibide argia izan direla salatzen du Behatokiak. "Informazio gehiena gazteleraz heldu zitzaigun edo euskaraz beranduago heltzen zitzaigun". Urraketok areagotu direla ohartarazten dute, hain zuzen, bertako hizkuntzak "berebiziko garrantzia duenean zaurgarrienei zein premia berezia dutenei gertutasunez erantzuterakoan". Laburbilduz, "zerbitzuaren kalitatea bermatzen du herritarrak euskaraz artatu ahal izateak". 

Deia honenbestez, erakunde, enpresa eta eragileei. "Bakoitzak bere eremutik ardura hartu eta hizkuntza eskubideak norbere erakunde eta jardueretan une oro txertatuak izateko neurri egokiak hartu behar ditugu". 

"Norberak egin dezakeen horrek ere badu garrantzia"
Usurbilgo Udaletik garrantzitsutzat jotzen dute NOAUA! Kultur Elkarteak gai honetan duen egitekoa, "hizkuntza eskubideak eta eskubide horien bermeaz aritu eta ikusgarri egiteko".

2021ean 25 urte beteko dira hain zuzen, NOAUA! K.E. sortu zenetik. 1996tik euskal kultura eta euskara bultzatzeko bilgunea dugu. "Denbora honetan guztian bokazio horrekin aritu gara", kultur elkarteko ordezkari Alaitz Aizpuruaren esanetan. 

Mende laurden honetan egin bezala, "bidelagunekin aritzea ezinbestekoa" deritzo Aizpuruak, baita "lan hori elkarbanatzea". Eragileen arteko lankidetza azpimarratzeaz gain, "norberak egin dezakeen horrek ere badu garrantzia. Horretarako daude hemen aipatu diren bide eta tresnak". 

Ahalik eta "lan gutxiena" izateko desioa plazaratu du Aizpuruak, hizkuntza eskubide urraketa gutxi izango diren adierazle argia izango baita. Halere, urraketak gertatu ahala, "denon ahaleginarekin bideratzea" desio zuen.

"Ezin gara lasaitu. Egoera hauskorra da"
Euren ildoekin bat egin eta "herritarrak kontzientziatu nahiz hizkuntza eskubideak bermatzeko konpromiso eredugarria delako", ongi etorria eman diote UEMA-tik Udalaren eta Behatokiaren arteko hitzarmenari. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik bideratzen ari diren lanketaren baitan urrats berri gisa ikusten du mankomunitateko kide Jokin Urangak. Hain zuzen, urte luzez udalerriak euskalduntzeko bitartekoak eskaintzen ari diren mankomunitatetik, "herritarrak ahaldundu eta inertziatik kontzientziarako saltoa emateko hainbat ekimen ditu bidelagun UEMA-k" gogorarazi duenez: hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetako gazteen topaketak eta nola ez abian den Euskaraldia bera".

Herritarrek gai honekiko duten kontzientzia giltzarritzat jotzen du Urangak Usurbil bezalako arnasguneetan. Ohartarazi duenez, "udalerri euskaldunetan egia da egoera pribilegiatu batean bizi gara baina ezin gara lasaitu. Egoera hauskorra da eta edozein faktorek aldaketa argia ekar dezake".