Sahara laguntzeko elkartasun ekimen berria abian

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 1a, 09:56

Saharar herria babesteko mozioa onartu zuten azaroaren 26ko udalbatzarrean. Bost egun lehenago gauza bera egin zuten Tadamun elkarguneak eta herritar talde batek deituta Mikel Laboa plazan egin zen elkarretaratzean. Elkartasun ekimen berri batekin bat egin dute eragileok; Donostiako S.E.A.D.en Lagunen Elkarteak abiarazitako diru-bilketa kanpainarekin. 

Saharar herria babestu eta laguntzeko elkartasun ekimen berri bat martxan. Gogoan izango duzue, aurreko osteguneko udalbatzarrean Marokok su-etena hautsi izana salatu eta saharar herriari elkartasuna adierazteko herritar talde batek aurkezturiko mozioa onartu zuten osoko bilkuran. Lehenago, azaroaren 21ean Tadamunek eta herritar talde batek deituta elkarretaratzea egin zuten Mikel Laboa plazan, Usurbilen bizi diren sahararrekin. Erabateko babesa jasotzeaz gain, herritarron lekukotzak entzuteko aukera izan zuten bertaratu zirenek.

Azaroaren 21ean Marokoren su-eten haustura salatu eta saharar herriari babesa adierazteko Mikel Laboa plazan deitu zuten elkarretaratzearen ondotik, herritar talde berak eta Tadamun elkargune internazionalistak elkartasun ekimen berri bati atxikimendua adierazi diote.

Iraganean, urte luzez antolatu izan den janari bilketa kanpaina bideratzea ezinezkoa izango da aurten; covid19-ak eragindako pandemiagatik, “mugak itxita daude eta errefuxiatu sahararrek ez dute laguntzarik jasotzen”. Horren ordez, Donostiako SEADen Lagunen Elkarteak diru-bilketa ekimena abiarazi du. “Zuek ere parte hartzera animatzen zaituztegu”. Bi kontu zenbakiotako batean egin ditzakezue ekarpenak:
Laboral Kutxa: ES 48 3035 0060 45 0600064286
Kutxabank: ES32 2095 5600 84 1062626675

Ekimen honen Usurbilgo sustatzaile taldeak berri eman duenez, “jasotakoa Saharako Ilargi Erdi Gorriari bidaliko diogu, eta beraiek arduratuko dira elikagaiak erosi eta kanpamentuetako familien artean banatzeaz. Ekarpen guztiak eskertuko ditugu”. Esker hitzak dituzte baita azaroaren 21eko elkarretaratzean parte hartu zuten guztientzat.

Kuba, Tadamunen bi erakusketetan
Sahararrak laguntzeko elkartasun ekimenaz gain, asteotarako bi erakusketa ere antolatu ditu Tadamun elkargune internazionalistak; “emakumeak, elikadura-burujabetzaren protagonistak. Kubatarren eta euskaldunen bizipenak” izenekoa abenduaren 4tik 13ra. “Argazki-erakusketak zortzi emakume nekazari kubatarren eta zortzi euskal nekazarien eguneroko lana biltzen du, emakumeen biografiek eta 40 argazki baino gehiagok osatzen dutelarik erakusketa. Argazki dokumentalak Josu Trueba eta Pau Coll-ek eginak dira. Euskadi-Cuba Elkartearen eskariz eta EHNE-Bizkaiaren laguntzaz sortu zen”.

Erakusketa hau eta itxi eta biharamunean zabaltzekoa da bigarrena; astebetez, hilaren 14tik 20ra. “Tasioren Cuba”. “Tasio umorista grafikoak “Cuba información” egunkarirako egin zituen binetak biltzen dituen erakusketa da”.