Hasieraz onarturiko 2021eko ordenantza fiskalen egutegia alegazio epean bihartik

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 1a, 09:19

Abenduaren lehen egun honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak plazaratu du, azaroaren 26ko udalbatzarrean Usurbilgo Udalak hartutako erabakietako bat; 2021eko egutegi fiskalaren hasierako onarpena. Bihartik jendaurrean izango da ikusgai 30 lanegunez. Tarte horretan erreklamaziorik ez balego, behin betiko onartutzat joko da.

Covid19-aren eraginez ezohiko urtea bizitzen ari garen seinale, ordenantza fiskalen inguruan hartu duten erabakia. 2021eko ordenantza fiskaletan igoerarik ez aplikatzea eta 2020koei eustea erabaki du Usurbilgo Udalak. Ondorioz, beste urteetan ez bezala, oraingoan gai hau osoko bilkura batera eraman eta onartu beharrik ez dute.

Ordenantza fiskalok noiz kobratuko dituzten bai; urtero moduan, zerga hauek noiz ordaindu zehazten duen datorren urteko egutegia hasieraz eta gehiengo osoz onartu zuen udalbatzak osteguneko osoko bilkuran; EHBilduk eta EAJ-k alde bozkatu zuten. PSE-ko udal ordezkaria abstenitu zen.

Abenduaren lehen egun honetako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak dakar erabakiaren berri. 30 lanegunez jendaurrean jarriko dute ikusgai. Tarte horretan inork erreklamaziorik aurkezten ez badu behin betiko onartutzat joko da.

2021eko egutegi fiskala

Zerga kontzeptua Ordaintzeko epea
-Asteroko merkatuaren erabilpen-tasa; aurreko urteko 4. hiruhilekoa. Urtarrilak 4-29.
-Ura, estolderia eta hondakinak; aurreko urteko 4. hiruhilekoa. Otsailak 1-martxoak 15.
-Trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga. Martxoak 1-apirilak 15.
-Asteroko merkatuaren erabilpen tasa: urteko 1. hiruhilekoa. Apirilak 5-30.
-Ura, estolderia eta hondakinak; urteko 1. hiruhilekoa. Maiatzak 3-ekainak 15.
-Ondasun higiezinen gaineko zerga. Maiatzak 14-uztailak 1.
-Asteroko merkatuaren erabilpen tasa: urteko 2. hiruhilekoa. Uztailak 1-30.
-Ura, estolderia eta hondakinak; urteko 2. hiruhilekoa. Abuztuak 2-irailak 16.
-Espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa). Irailak 1-urriak 1.
-Ekonomia jardueren gaineko zerga. Urriak 1-azaroak 10.
-Asteroko merkatuaren erabilpen tasa: urteko 3. hiruhilekoa. Urriak 1-29.
-Ura, estolderia eta hondakinak; urteko 3. hiruhilekoa. Azaroak 2-abenduak 16.
-Bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...) Azaroak 2-30.
-Emakida administratiboak (Atxega Jauregia, udal baratzak...) Azaroak 2-30.