Usurbildarrak Durangoko Azokan

Usurbilgo sortzaileak, asteburuko ezohiko Durangoko Azokan

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 4a, 09:02

Ostiral honetan zabalduko dute Durangoko 55. Azoka. Ezohikoa, pandemia betean ospatuko dena eta osasun krisialdira egokituko dena. Ezingo gara Landakora joan, baina Usurbilek ordezkaritza zabala izango du bertan. Urtero moduan, herriko sortzaileen lanen erakusleihoa izango da Landako egunotan. Aurtengo nobedadeak ezagutu eta erosi nahi dituzuenok adi, online denda zabaldu baitute.

Ezin duzuela Landakora gerturatu? Azokako produktuak online kontsultatu eta erosi ahal izango dira; guztira, 185 ekoizleren (argitaletxeak, diskoetxeak, elkarteak, autoekoizleak...) 2.300 produktu. Tartean, 852 nobedade: 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta 72 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza...). Helbide honetan egin ditzakezue erosketak abenduaren 8ra arte: www.durangokoazoka.eus/eu/denda

Produktuak eskuratzeaz gain, Durangon bertan kultur hitzordu eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izan ohi da urtero. Pandemiak baldintzaturiko 55. edizioan ere 100 ekitaldi programatu dituzte. Baina Usurbildik ezingo gara joan; Durangoko eta Durangok mugakide dituen udalerrietako herritarrek soilik gerturatu ahalko dute hitzorduotara. Gainerakoek antolatzaileek webgunean bertan martxan jarriko dituzten bi streaming kanalen bidez jarraitu ahalko dituzte azokako ekitaldiak. Goizeko 10:30etan hasi eta iluntzeko 21:00ak arte, Landako Guneko eta Plateruenako saioak zuzenean ikusteko aukera izango da.

Aurten gainera, "Zu non, han DA!" ekimena antolatu du Durangoko Azokak. Udalerri honetatik kanpo, beste zortzi udalerrietan 32 musika talderen kontzertu hain zuzen.

Ezohiko testuinguru honetan, urtero moduan, hainbat usurbildar sortzaileek parte hartuko dute 55. edizio honetan. Hemen duzuen hitzorduen zerrenda:

DURANGOKO AZOKA
Abenduak 5, larunbata
13:30-14:30 
Dani Fanok, Asisko Urmeneta eta Joseba Larratxe, "Basolatik berri onik ez" komikiaren egileakelkarrizketatuko ditu Landakon. Argitaratzailea: Ikastolen Elkartea.

16:00-17:00 Juan Luis Zabala kazetariak gidatutako elkarrizketa saioan Jakoba Errekondok "Etxeko landarea" liburua aurkeztuko du Durangoko Landakon. Argitaletxea: Argia

16:45-17:20 Mihise taldeak "Kronik@" diskoa aurkeztuko du Durangoko Plateruenan. "Hotzikara taldeak joera aldaketa bat izan zuela baliatuz sortu da Mihise eta ia bost urtez landutako bidaia bat proposatu digute Kronik@ lan honetan. Estilo aldaketa, instrumentu aldaketa, formazio aldaketa… Ez dira gauza gutxi izan diska hau kaleratzeko eman beharreko pausuak eta horrek interes berezia eman dio lanari.

Bidaia hau praktikotasunagatik hamar puntutan mozten den arren (10 kantu) bidaia oso bat bezala planteatzen da. Isiltasunak tarterik ez duen dj saioa edo obra klasikoa bailitzan.

Bertan, ezinegon “lasai” batetik kolpe emozional bat jaso eta honen inguruan igarotako faseen kronika bat egiten da, esperientziak ematen duen ikuspegitik. Halaber, ez da kasualitatea diskoko azken zaratek diskoaren hasierakoen jarraipena izatea, kolpetik kolpera errepikatzen den buklea adierazten baita. Edo kronikoki konta daitekeen kronika, Kronik@.  
Baxua eta ahotsa: Beñat Urteaga Larrañaga.
Kitarra eta ahotsa: Antton Aranburu Illarramendi.  
Bateria: Mikel Olasagasti Añorga".


Abenduak 6, igandea
13:30-14:30 Josu Ozaita antropologoak idatzitako "Gau beltza" liburua aurkeztuko dute Garazi Arrula Ruiz editoreak eta biek Durangoko Landakon. Joseba Larratxek jarri dizkio liburuari ilustrazioak. "Gaztetxoei zuzendutako liburu honetan, gure arbasoek zuten ohitura bihurri baten berri ematen da Anari eta bere lagunen ibileren bitartez.   “Urriaren azkena hurbil da, eta, berarekin, gaurik beltzena: Anarik eta lagunek badute tradizioa gaurkotzeko plan bat...”


Abenduak 7, astelehena
10:30-11:30 "Amona Tomaxaren abenturak" aurkezpena, 4 urtetik aurrerako umeei zuzenduta. Egileak: Iñaki Martiarena “Mattin” eta Ixabel Agirresarobe. Lehendik zuzeneko lanak egin izan dituzte baina hau euren lehenengo idatzizko lana da. Elkar argitaletxeak argitaratu du.


Abenduak 8, asteartea
18:00 Mihise - "Kronik@" Kaskezur - "Ihesi doaz animaliak" kontzertuan Donostiako Dokan. Sarrerak agortuak.

Informazio gehiago: durangokoazoka.eus