EAJ, banda zabala landa eremu osoan bermatzearen alde

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 7a, 12:35

Usurbilgo EAJ-PNV udal taldeak landa eremu osora hedatu nahi du banda zabala eta hori bermatzeko neurriak har ditzala eskatu dio udal gobernuari.

Telekomunikazioetarako banda zabala landa eremuko txoko guztietara zabaltzeko konpromisoa hartua du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Josune Urkola EAJren bozeramailearen esanetan, “txalogarria deritzogun ekimen honek Gipuzkoako udal guztien ezinbesteko konpromisoa  eskatzen du. Elkarlan honi esker ahal izango da  gaur egun gure lurraldeko herrietako hiri-eremuetan bizi garenok ditugun komunikaziorako goi-mailako azpiegitura eta zerbitzuak  landa eremuetan bizi direnei ere helaraztea”.

JOSUNE URKOLA, EAJ

“Aldundiak bultzatzen duen ekimena gauzatzeko, udal gobernuak dagozkion bitartekoak jarri behar ditu”

Covid-19ak eragin duen testuinguruak zerikusia izan du Aldundiak iragarritako neurrian. Telelanean aritzeko ezinbestekoa da banda zabalaren estaldura osoa. “Horregatik, guztiok, bizi garen eremuan bizi, bermatuta izan behar dugu telekomunikazioetarako banda zabala etxe guztietara heltzeko aukera modu egokian”, azpimarratu  du Josune Urkolak.

Banda zabala landa eremuetako etxebizitzetara heltzeko kostuaren %95era arte Aldundiaren eta tokiko udalen artean ordaintzea aurreikusi da, bakoitzak erdia jarriz eta gainontzekoa (%5a edo gehiago) enpresa operadoreak.

Honi lotuta, EAJk hiru eskaera egin dizkio gobernu taldeari:

1.- Usurbilgo Udalak bat egin dezala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ekimen hau Usurbilgo landa eremuetan gauzatzeko dagozkion bitartekoak jarriaz.

2.-  SETIDek (Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzak) duen Usurbilgo landa eremuetako egoeraren erradiografia kontuan izanik, Udalak bere gain hartu dezala udalerriko landa-eremuetako etxebizitza eta biztanleen eguneratutako azterketa bat egitea eta emaitza hauek, bistaratuz eta dokumentatuz, Foru Aldundiari helaraztea usurbildar orok banda zabaleko zerbitzuetara heltzeko aukera eta eskubidea bermatzeko.

3.- Hau gertatzeko ordea, urtero “zuritze” prozesua egin eta aitorpena eskatu behar da, “beraz banda zabala izan ez eta zuritu gabeko eremuen identifikazioa burutzeko konpromisoa” har dezala eskatzen dio Usurbilgo EAJk EHBilduren udal gobernu taldeari.     

Argazkia: Goiena.