SOS ostalaritza

Herriaren babesa jaso dute ostalariek, ostalariek herria txalotuz eskertu dute

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 8a, 14:32

Herriaren berotasuna jaso du ostalaritzak eta sektorearen ordezkari diren langileek, "aurrera ostalaritza, SOS" aldarripean, astearte goizean Mikel Laboa plazan egin den elkarretaratzean.

SOS deia egin zuten iragan ostiralean. Mikel Laboa plazan biltzeko hitzordua finkatu zuten eta herriak ezin hobeto erantzun du beste behin. Hilabete igaro da, herriko tabernek, jatetxeek pertsianak jaitsi zituztenetik. Azaroaren 7az geroztik itxita dago ostalaritza sektorea, eta nabari eta sufritu du herriak; herri giroa nola apaldu den nabaria da. Eta kezkagarriena, sektore oso bateko langileak daude haiena duten ogibidean aritu ezinik. Diru-sarrerarik gabe, negozioek eragiten segitzen duten gastuei aurre egin beharrean. Erabateko ziurgabetasun egoeran.

Lan jarduna eten zitzaiela hilabete igaro da astelehen honetan; eta aipatu moduan, SOS deia egin diote herriari. Mikel Laboa plazan biltzeko gonbita luzatua zuten gaurko. Astearte goiz honetako 11:00etarako zuten antolatua zuten elkarretaratzea. "Aurrera ostalaritza. SOS" aldarripean, sektoreko langileak bildu dira, bezeroak dituzten herritarrak, ostalaritzaren itxierak zuzenean eragin dien merkataritzako hainbat langile ere bertaratu dira... 

Kezka, haserrea, eta ostalaritzak bizi duen egoerarekiko ulertezintasuna nabaria zen giroan. Baina gaurkoan guztiaren gainetik, elkartasuna eta babesa adierazteko beharra gailendu da. Eta babesa azkenean bi norabideetakoa izan da; herriak ostalaritza babestu duen elkarretaratzean, ostalariek herria txalotuz eskertu dute mobilizazio amaieran, elkarretaratzeko buruan zen pankartari buelta eman diotenean.

Elkarri txalotuz amaitu dute hitzordua esan bezala; deitzaileek banatu duten kafe goxoa dastatuz, hilabetez etenda daraman tabernari eta bezeroen arteko hartuemana, egun batez bederen, berreskuratuta.

Manifestazioak hiriburuetan
Egunotan hainbat herrietan egiten ari diren mobilizazioen isla argia izango dira hiriburuak asteburuan. "SOS Ostalaritza" aldarripean manifestazio bana deitu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan larunbatean 17:30etan, konponbide duinen alde. Donostiakoa Bulebarretik abiatuko da.