Publikorik gabe eta musukoekin baina kantu giro alaiean joan dira ikasleak oporretara

Noaua Aldizkaria 2020ko abe. 18a, 14:41

Pandemia ez da geure bizimodua osorik eteten ari eta pozgarria da noski; covid19-ak eragindako osasun krisialdira egokituta baina ospatzerik izan ditu Udarregi Ikastolak, urtero neguko oporraldia abiarazten duten kantu saioak. Hori bai, aurten musukoekin edota ohiko publiko jendetsurik gabe.

Urte zaila izan da haientzat; udaberrian bat-batean inoiz bizi gabeko konfinamenduari egin behar izan zioten aurre. Etxetik irten gabe igaro zituzten bi hilabete. Jarrera ezin eredugarriagoa erakutsi zuten hilabete haietan eta baita gerora ere, ezohiko 2020-21 ikasturtea hasi zenetik ere. Prebentzio neurriak ezin egokiago barneratuak dituzte eta zorrotz betetzen dituzte gainera. 

Ostiral honetan borobildu dute ikasturteko lehen hiruhilekoa Udarregi Ikastolako ikasleek; neguko oporretara doaz gaur urtarrilaren 7ra arte. Azken klase orduetan, pizgarri gisa, aurreko urteetako tradizioari hutsik egin gabe kantatzera irten dira herrira HH eta LH-ko ikasle eta irakasleak. Ditxosozko pandemiaren eraginez, ohiko baserritar jantziekin batera, eguneroko janzkeraren osagarri bilakatu zaien musukoak jantzita aritu dira kantuan; taldeetan banatuta. LHko lehen hiru mailakoek 9:30ak pasatxoan hasi dute kantuari eskainitako goiza Artzabalgo frontoian; LHko gainerako hiru mailetako ikasleek gauza bera egin dute ordubete beranduago herri erdiguneko frontoian. HH-koek borobildu dute goiza, Usurbilgo Udalak Olentzeroa kokatua duen Mikel Laboa plazan. 

Tabernariekin elkarlanean
Araudiak dioenarekin bat eginez 6 urtera artekoek ez baina gainerakoek bai, musukoak jantzita aritu dira kantuan. Aurtengo saioek berezitasun gehiago ere izan dituzte; publikorik gabe ospatu dira eta ez dute ikasle helduenek prestaturiko ohiko txistor janik izan. 

Pandemia bera alternatiba sortzaileen iturri ere izaten ari da hilabeteotan; gaurkoan beste adibide bat; Ikastola eta herriko tabernariak batu dituena. DBH-koek ezin txistorrik prestatu gainerakoentzat. Hamaiketako goxoa prestatu diete ordea garai zailak bizi dituzten tabernariek. 

Gaurko kantu saiook ospatzeko Udarregi Ikastolakoen ahalegina azpimarratu beharra dago beste behin.