Hitzorduak, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta, Tolosaldea Sahararekin Elkarteko ordezkari Gregorio Eizagirre eta Mohamed Liman Ali Fronte Polisarioak EAE-n duen ordezkaria bildu ditu.
"Saharako herriarentzat izango da", adierazi du Solaberrietak. Hitzordua halere, dohaintza hau gauzatzearekin batera, saharar herriak bizi duen errepresio eta egoera bidegabearen aurrean, sahararrei elkartasuna adierazi eta Marokoren okupazioa salatzeko baliatu dute.
Bi helburu nagusiokin hain zuzen, mozioa onartu zuen udalbatzak iragan azaroko osoko bilkuran. Mozio haren eduki nagusia gogora ekarri eta egun hartan onarturiko testuan berresten dela adierazi du Solaberrietak. Fronte Polisarioari elkartasuna adierazten zion mozio hark, 1991tin indarrean zen su etena hautsi izanaren ardura Marokori egozten zion. Gatazkaren konponbidearen alde egitea eskatzen zion NBEri eta MINURSOri. Espainiako Gobernuari ere "dei zuzen bat egin genion" dagokion erantzukizuna bere gain har dezan, gatazka honen konponbidean. Eta herritarrak antolatzen ziren mobilizazioetan parte hartzera animatzen zituzten.
Esker onez
Usurbilgo Udalak saharar herriari emandako hirugarren mikrobusa da gaurkoa. Esker onez hartu dute Tolosaldea Sahara elkartekoek. "Gure esker ona ematea Usurbilgo herriari eta Udalari beren laguntzagatik". Orain arteko lankidetzari jarraipena emateko nahia agertu du aipatu elkarteko ordezkari Gregorio Eizagirrek.
Haien asmoa, ibilgailuak lortu eta ibilgailuok saharar herriarentzako elkartasun poltsez betetzea litzateke, mugak zabaltzean saharar herrira eramateko. Kontuan izan, amaitzear dugun urte honetan ezin izan dela gauzatu "Oporrak Bakean", saharar haurrek uda partean gure artean egiten duten egonaldia ahalbidetzen duen egitasmoa. Ekimen alternatibo hau abiarazi dute. Garrantzitsutzat jo dute ibilgailuok, elkartasun materiala garraiatzeko baina baita hango bizimodurako ere, Tolosaldea Sahararekin elkarteko ordezkariak zioenez. "Hango kanpamenduetan bada elbarrituen ospitale bat eta ibilgailu hau haiek erabiltzeko egokitua dago", adierazi du.
"Garaiz gaude oraindik sahar herriari aukera bat emateko"
Fronte Polisarioak EAE-n duen ordezkari Mohamed Liman Alik ere esker ona adierazi dio udalbatzak onarturiko mozioari baita noski, udal mikrobusa dohaintzan eman izanagatik ere. Bere herriak bizi duen egoeraren testuingurua azaldu du. Marokok 29 urteko su etena hautsi izana salatzearekin batera gogorarazi du, urte hauetan guztietan su etenari eutsi bazaio saharar herriari esker izan dela. Saharar herriak apustu irmoa egin duelako, gatazkari irtenbide baketsu, justu eta iraunkorra ematearen alde, "Europarentzat hain estrategikoa den Afrika iparraldean".
Saharar herria herri baketsua dela argi utzi du, gatazka konpontzearen alde egoten segitzen dutela baina beti ere legaltasunera doitua egongo dena. NBEak, Europako herrialdeek eta modu berezian espainiar estatuak, potentzia okupatzailean den Maroko babesten segitzeko bidea alboratu eta zeregin honetan duen erantzukizuna gogorarazi du; "erantzukizun politiko, historiko eta judiziala". Fronte Polisarioko ordezkariak oroitarazi duenez, "45 urte daramate apustu horren alde egiten eta ez ditu inora eraman".
Denbora honetan guztian zehar, gatazkaren erdigunean herri bat egon da, sahararra; zati bat desertu betean, bestea "lurralde okupatuetan, egunero errepresio basatia sufritzen".
Ohartarazi duenez, "Saharako bigarren gerra honek Afrika iparraldea bolborategi batean bilaka dezake". Horraino iritsi gabe, zioenez, "garaiz gaude oraindik sahar herriari aukera bat emateko", hitza hartzen uzteko.