Koronabirusa

Asteotarako EAE-ren erronka, intzidentzia 305,40tik 60ra murriztea

Berriz ere covid19aren hedapena hazten doan honetan mugikortasuna murriztea eskatu du Eusko Jaurlaritzak, norbere "burbuilak" identifikatzea. Auzolanerako deia egin du Gotzone Sagardui sailburuak. "Guztien onerako egin dezakegu guztion artean", bere esanetan. Asteotarako erronka marraztu du; EAE-ko intzidentzia 305,40tik 60ra murriztea.

Eusko Jaurlaritzaren LABI aholku batzorde teknikoak egin duen bilera amaieran agerraldia egin du osasun sailburu Gotzone Sagarduik, egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoera epidemiologikoa zertan den azaldu eta neurri multzo berria iragartzeko. Web orrialde honetan beste albisteetako batean bildu ditugu neurrioi buruzko xehetasunak. 

Osasun sailburuak joera aldaketa izan dela ohartarazi du; "ez gaude ondo, egoera kezkagarria da". Horregatik zioenez, "prebentzio neurriak egungo egoerara egokitzeko erabakia hartu dugu, pandemiaren goranzko joeraren aurrean". 5 egun daramatza erkidego autonomoak segidan egunero 500 kasu berri zenbatzen, "gaur 560 izan dira". Koronabirusaren hedapenak azken asteotan izan duen bilakaera hiru zenbakiokin azaldu du. "Azaroaren 11n 100.000 biztanleko 845 kasu genituen EAE-n. Abenduaren 29an 235era murriztu zen intzidentzia tasa. Hartutako neurriek eraginkortasun handia erakutsi zuten. Orain, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa 305,40an dago". 

"Mugikortasuna murriztu behar dugu"
Aurrera begirako erronka marraztu du; egungo 305,40ko intzidentzia 60raino murriztea eta horretarako osasun sailburuak ezinbestekotzat jo du honakoa: "mugikortasuna murriztu behar dugu, hurbileko kontaktuak identifikatu behar ditugu, gure burbuilak alegia". 

Intzidentzia gehiago hazi aurretik hartu nahi izan dituzte gaur aurkezturiko neurriak, "prebentzio gaitasuna indartzeko". Erabaki berrion eraginkortasuna defendatu du osasun sailburuak. Gutxiengo baten jarrera arduragabea gaitzestearekin batera, "herritar guztiei eskerrak eman nahi nizkieke egiten ari diren ahalegin garrantzitsuagatik, benetan eskerrik asko". Halere aurrera begira ezin dugula lasaitu gogorarazi du. "Hilabete zailak datoz eta birus honi aurre egiten jarraitu beharko dugu", adierazi du Sagarduik.

Horretarako eskueran dauden baliabideak gogorarazi ditu; covid19 kasuak detektatu eta horien jarraipena egitea batetik; bestetik, "astez aste areagotzen joan" eta "denbora eta prozedura zorrotzak behar dituen txertaketa prozesua"; eta azkenik, LABI-k aholkaturiko prebentzio neurrien sorta. Neurri berriak gogoan izan, asteazkenean (urtarrilak 13) jarriko dituzte indarrean.

Auzolanerako deia
Auzolanaren balioa goraipatu du, "hauxe da gakoa birusari aurre egiten jarraitzeko eta horrela ekin diogu azken urte honetan bai Eusko Jaurlaritzatik, Foru Aldunditik eta EUDEL-etik, erakunde guztien zorroztasun eta erantzukidetasunean, gobernantza gardena eta lankidetzakoa gauzatzeko, horixe da Eusko Jaurlaritzaren helburua". 

Etorkizunari "baikortasunez, eta indarberritzeko eta hobetzeko erabakitasunez begiratu behar diogu eta begiratu diezaiokegu", Sagarduiren esanetan. Lankidetza aktiboko konpromisoa eskatu die herritarrei, "baheketa masiboekin eta kutsatze eta kontaktuen berrogeialdiekin, txertaketa prozesuarekin eta prebentzio neurriak betetzearekin". Osasun sailburuaren hitzetan, "guztien onerako egin dezakegu guztion artean". 

Txertaketa prozesuaz
Pfizer etxearen 15.600 dosi jasotzen ari da Eusko Jaurlaritza astero txertaketarako. Hirugarren dosi sorta jaso du gaur Gasteizko gobernuak. "Lehen hiru asteotan dosien erdia jaso dugu, lehen dosia jarri zaienei 21 egunera bigarrena jarriko zaiela bermatzeko".  Ezinbestekoak baitira bi dosi jartzea 21 eguneko tartean, "inmunitate osoa izateko".