#covid19

Herri eragileen adierazpen bateratua: "Kirola eta jolasa bueltan dira"

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 12a, 13:50
Kirol arloan lanean diharduten herri eragileek udazkenean egin zuten batzar baten amaieran atera zuten talde argazkia.

Eusko Jaurlaritzak asteazkenetik aurrera (urtarrilak 13) covid19ari aurre egiteko arau multzo berria jarriko du indarrean. Tartean, Eskola Kirola edota dantza taldeen entsegu saioak 500etik beherako intzidentzia duten udalerrietan; besteak beste, Usurbilen. Ekimenok baimenduko dituztela berri eman ostean, adierazpen bateratua plazaratu berri dute eremu honetan lanean diharduten herri eragileek. "Laster izango gaituzue lanerako prest", iragarri dute, "Kirola eta jolasa bueltan dira" izenburupean ezagutzera eman duten idatzi honekin.

KIROLA ETA JOLASA BUELTAN DIRA
Egoera gogorra da bizitzen ari garena zalantzarik gabe. Elkar zaintzea eta arduratsua izatea egokitzen zaigu garai honetan, baina era berean, norberaren burua zaintzea ere ezinbestekoa da. Ume eta gazte askori, kirola zein jarduera fisikoa eginez beraien burua eta gorputza osasuntsu mantentzeko eskubidea ukatu zaie azken aste luzeetan. Hainbat eta hainbat hezitzaile ere, ahaztuak utzi dituzte, beraien lanpostuak kolokan. Lehen momentutik, errudunak bailiran tratatuak izan dira, non eta kirolaren praktikaren harira eman diren positiboen kasuak, oso txikiak izan direnean.

Lehen egunetik, baldintza zorrotzetan aritu behar izan dugu herriko kirol eta kultur taldeok gure jardunak aurrera eramateko. Usurbilgo Udalarekin batera, elkarlanean aritu gara eta dekretuak dekretu, moldaketak moldaketa, eskatutakoari eutsi eta modu seguru batean burutu genituen gure ekintzak. Bai eskola kiroleko jarduerak zein kirol federatukoak ere. 

Neguko txokoetan ere, argi eta garbi ikusi dugu, umeek beharra dutela lagunekin jolasean aritzeko eta beste behin, jaduera hauek modu seguru eta arduratsu batean burutu ditzakegula erakutsi du gure herriak.

Gaurkoa egun pozgarria da guretzat. Gustatuko litzaigukeen moduan ez bada ere, gure jardueran berraktibatzeko moduan gaude eta guztiontzat onuragarria izango dela argi daukagu. Aurrekoetan egin dugun bezala, araudiek diotenaren arabera antolatu eta laster izango gaituzue lanerako prest. Bertan elkar ikusiko garela espero dugu eta orain arte bezala, ziur gaude zuen laguntza eta prestutasuna izango ditugula, funtzionamendu arau zein protokolo guztiak betetzeko.

Elkar zaintzeko lehian, kirola eta jolasa txapeldun!

Sinatzaileak
Zirimara
Udarregi Ikastola
Orbeldi Dantza Taldea
Bazpi txirrindularitza eskola
Usurbil F.T.
Usurbil K.E.
NOAUA! K.E.
Usurbil Judo Kluba
Orioko Atletismo Taldea
Pagazpe P.K.E.
Zubieta Pilota Elkartea
Tximeleta 
Usurbilgo Udala