Koronabirusa

Kirol taldeak entrenamendu saioetara itzultzeko prestatzen

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 15a, 10:08

Asteazkenaz geroztik baimenduak daude taldeko kirol jarduerak Usurbilen, 100.000 biztanleko 14 eguneko 500etik beherako intzidentzia duelako udalerri honek. Herriko kirol eragileak itzulera prestatzen hasiak dira.

Egunotan berri eman dizuegun moduan, asteazkenaz geroztik indarrean da covid19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren neurri sorta berria. 100.000 biztanleko 14 eguneko 500etik beherako intzidentzia duten udalerrietan kirol taldeen edota dantza taldeen jarduna baimendu da, beti ere prebentzio neurri zorrotzak errespetatuta.

Usurbilek hain zuzen, 500etik beherako intzidentzia metatua du; duela 24 orduko azken datuen arabera, 237,79koa. Honenbestez aipatu kultur nahiz kirol taldeon jarduna baimendua dago udalerri honetan, eta horretarako, eskaintza hau guztia berreskuratzeko lanketa betean dira Udala eta arlo hauetako herri eragileak. 

Usurbilgo Udalak berri eman duenez, "Eskola Kiroleko entrenamenduen eta kirol federatuen lehiaketaren itzulera dira nabarmentzekoak. Herriko talde eta klubak azken neurri horietara egokitzeko lanean ari dira, jarduna ahalik eta azkarren berraktibatzeko asmoz". 

Baimenen eragina
Eskola Kirolari dagokionez ostegun honetan abiaraztekoa zuten talde batzuk; sei kideez osaturiko talde egonokorretan eta musukoak jantzita. "
Izatez, etenaldiaren aurretik ere hala ari ziren lanean, eta, beraz, ez du aldaketa handirik ekarriko".

Kirol federatuei dagokienez aldaketak izango dira; "lehiaketan “murgilduta” dauden kadete, jubenil eta senior kategorietako taldeek ez dute seiko taldeen muga izango: federazio bakoitzak berea adostu behar duen arren, Buruntzaldean erabaki dute lehiaketa egutegia duten taldeek federatu dutela eta ez zaiela seiko taldeen muga jarriko. Horrez gain, orain arte bezala, profesional eta semi-profesional gisa aritu direnek ohiko entrenamenduekin jarrai dezakete. Orain, protokoloak egokitzea dagokie kirol talde eta klubei, kirol-zerbitzuei helarazi eta ontzat eman dezaten".

Kirol ikastaroen kasuan, "edukiera %50era igotzea baimendu du azken dekretuak, eta azken hilabeteetan ezarritako txandakako sistema kentzea ahalbidetuko du horrek: kide guztiek parte hartu ahal izango dute arauak betez eta segurtasun neurriak bermatuta".

Eremu gorrira igaroz gero...
Aipatu moduan, duela 24 ordu, eremu horian segitzen zuen Usurbilek, baina azken egunotan etenik gabe gorantz egin du 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasak; ostiral honetako datuen zain, 237,79koa zuen udalerri honek ostegunean. 300eko  intzidentzia gaindituz gero eremu laranjara igaroko da, eta 500etik gorakoa izanez gero eremu gorrian izango da Usurbil. 500eko tasatik gora, jarduera guztiok bertan behera uzteko agindua emana du Jaurlaritzak. 

Usurbil beraz, eremu gorrira igaroko balitz, horrek kirol taldeen jardueran izango lukeen eraginaz ere ohartarazi du Udalak. "Jarduera hori guztia bertan behera geldituko litzateke Usurbil eremu gorrira pasatuko balitz, intzidentzia tasa 500 puntutik gora kokatuz gero: astelehen eta ostegunetan argitaratzen da eremu gorrira pasatutako herrien zerrenda, eta hori gertatuko balitz, kirol-zerbitzuek jakinaraziko die klub eta taldeei saioen etetea".

Neurri murriztaile berrietara egokituta, baina kirol ikastaroetan parte hartzeko aukera egon liteke. "Horien kasuan, Usurbil eremu gorrira pasatuko balitz, mantentzeko aukera egongo litzateke, berriz ere neurri murriztaileen araberako egokitzapenak eginda".