Mendekotasunen bat duten adingabeen familientzako laguntzak lehenbailehen bideratzeko eskatu dio PSE-EEk EHBilduri

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 18a, 19:12

Patxi Suarez zinegotzi sozialistak mota honetako laguntzak bideratzea erregulatuko duen araudi-proposamen bat aurkeztu dio EHBilduri.

2021eko udal aurrekontuen inguruan PSE-EEk eginiko zuzenketetako bat izan zen hauxe. Zuzenketa onartua izan zen eta “laguntza horiek emateko 6.000 euroko partida bat horretara bideratu zela” dio alderdi sozialistak. Laguntza-lerro honen helburua da “mendekotasuna edota desgaitasunen bat duten adingabeek euren familian, eskolan eta gizartean integratzea ahalbidetuko duten tratamenduak babestea, adingabe horien autonomia pertsonala sustatu ahal izateko”.

Patxi Suarez zinegotzi sozialistarentzat “garrantzitsua da toki-araudian tratamendu hauek finantziazio-xede gisa jasotzea: fisioterapia, errehabilitazio funtzionala, logopedia, estimulazio kognitiboa eta sentsoriala, eta psikomotrizitatea”. Laguntza eskatu ahal izateko, “familiek Osakidetzako pertsonalaren justifikazioa eduki beharko dute. Justifikazio horretan diruz lagundu beharreko tratamenduaren beharra dutela adierazi beharko da”, dio PSE-EEk.

 

“Adingabeen autonomia sustatu nahi da"

“Gure eguneroko bizitzan oinarrizko jarduerak egin ahal izatea funtsezkoa da, eta are gehiago autonomia lortzen ikasi behar duen mendekotasun- edo desgaitasun-egoeran dagoen adingabe baten kasuan”. Laguntza hauen bidez, hain zuzen, “adingabe horien autonomia sustatu nahi da euren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko”, azaldu du Patxi Suarezek prentsa-ohar bidez. Hortaz, araudi berria indarrean jartzea eskatu dio udal-gobernuari, “Usurbilen erroldatuta dauden familia horien premiazko eta berehalako beharrei erantzun ahal izateko”.