Danborrada saio txiki batekin gorazarre aurtengo ezohiko Donostia Egunari

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 19a, 17:32

Ez da izan urterokoa, baina urterokoari keinu txiki bat eginez amaitu dute Donostia Egunaren bezpera hau Udarregi Ikastolan; HH-ko haurrek danborrada saio txiki inprobisatu bat eskaini dute bazkalostean.

Ez da izan beste urteetako ospakizun girorik. Gaurkoan ez zen arropa zuririk, ez ikuslerik ezta ikasleez betetako patiorik ere. Baina urtarrilak 19 zituen gaur, eta urtero moduan, danbor hotsak entzun ahal izan dira Donostia Egunaren bezpera honetan, Udarregi Ikastolan, Agerialdeko patioan hain zuzen. 

Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko ikasleek danborra joz amaitu dute eguna. Saio txikia izan da, egun bizi dugun covid19ak eragindako osasun krisialdira egokiturikoa. Albiste honi atxikitako bideoan ikus dezakezuen moduan, hiru taldeetan, eguneroko "burbuiletan" banatu dituzte; maila bakoitzeko ikasle multzo bat. Eguneroko arroparekin aurten, festa girorik gabe ospatu baitute hitzordua, beste urteetan HH nahiz LH-koek egin izan duten danborrada erraldoi hari keinu txikia eginez. Ikasleek gogotsu jo dituzte makilak danborren gainean. 

Bakarrik ospatu dute, besteetan patioa jendez betetzen den ikus-entzulerik gabe. Alderdi guztietatik begiratuta ere bizi dugun egoera ezin ahaztu gaurko danborrada saioan, baina ezin ahaztu ezta, bizi dugun ezohiko testuinguru honetan ere prebentzio neurriak hartuta, modu berrietan, formatuak egokituta baina errotuak dauden ospakizunei keinu txikiak gutxienez egiteko aukerarik badela, eta ezin bada, alternatibak izan badirela.

Aurten ikusi duzuen moduko danborrada saioa eskaini behar izan dute, 2022an "lehengora" itzultzeko esperantzarekin.