Hondakinen kudeaketa hobetzeko toki erakundeen elkartea da Hobeki; Usurbilgo Udalak bat egin zuen bilgunearekin apirila amaieran egindako udalbatzarrean. Elkarteak osasunaren eta ingurumenaren zaintza lehenesten ditu hondakinen kudeaketan. Printzipio hauen bueltan dihardu lanean; "herritarrok eta herri-erakundeok elkarren eskutik joan behar dugu" dio; herritarren ahalduntzea; ikuspegi zirkularra kontuan hartzea; hondakinak murrizteko prebentzio neurriak zorroztea; bilketa eraginkorra sustatzea; murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea, hurrenkera horretan, lehenetsi beharreko tratamenduak; balorizazio materiala hobestea balorizazio energetikoaren kaltetan, ezezkoa erraustegiei eta zabortegi konbentzional kutsakorrei; azpiegitura lokalak lehenestea; eta aurrerakuntza teknologikoetan inbertitzea.
Horiek Hobeki Elkartearen printzipioak; Usurbilgo Udalak bilgune honekin bat egitea erabaki zuen apirila amaierako udalbatzarrean. "Praktika onak bultzatzea, herri arteko informazioa trukatzea eta ideia berriak sortzea" dira elkartearen helburuak, udal gobernu taldetik adierazi zutenez.
Biohondakina egoki kudeatzearen garrantziaz
Testuinguru honetan, "biohondakinen kudeaketa: nola gaude eta zer egin dezakegu?" hitzaldia antolatu du Hobekik otsailaren 17rako Oñatiko enpresaritza fakultatean. Saioa streaming bidez zuzenean jarraitu ahalko da. Jardunaldia berez, "udaletako, mankomunitateetako eta koadriletako teknikarientzat eta zinegotzientzat" den arren, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez, "interesa duen edonork eman dezake izena", atari honetan: hobekielkartea.eus
"Hondakinen kudeaketaren garrantziaz jabetu eta herri-erakundeok arduraz eta erantzukizunez jokatzera behartuta gaudela uste dugu. Kide garen udalok konpromiso erabatekoa adierazi nahi dugu hondakinen kudeaketa jasangarri eta arduratsuarekin, nola teorian eta praktikan. Eta bide horretan praktika onak sustatu nahi ditugu, herrien artean saretu eta hondakinen kudeaketa hobetzen jarraitzeko pausuak emateko bitartekoak eskaini nahi ditugu. Helburu horiek ditu antolatutako jardunaldiak".
Hitzordu honetan, "biohondakinen kudeaketaren inguruan hitz egingo dugu. Izan ere, biohondakinak hiri-hondakinen %40 inguru dira (pisuan), eta beraz, biohondakina egoki kudeatzearen garrantzia ikaragarria dela badakigu. Gai honen inguruan hitz egiteko hainbat aditu gonbidatu ditugu".
Otsailak 17, asteazkena
9:00 Sarrera: Eneritz Arbelaitz.
9:15 Biohondakinen egoera Euskal Herrian. Kudeaketa egoki baten aukerak eta erronkak: Joseba Sanchez Arizmendiarreta.
10:00 Oportunidades de la gestión local de los biorresiduos: Plan Revitaliza (Pontevedra): Carlos Perez Losada.
10:45 Atsedena.
11:00 Biohondakinaren kudeaketa Austriako eredua: Florian Amlinger.
11:45 Euskal Herriko Aduna herriko eredua: Josu Amilibia.
12:30 Galderak.
Informazio gehiago: hobekielkartea.eus