"Euskararen ekosistemak" hizpide izango dituen Euskararen Ginkanan izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 21a, 10:13

Euskararekin jolas egiteko ginkana ezagunaren 7. edizioa antolatu dute; aurten, "euskararen ekosistemak" gaiaren bueltan. Parte hartzaileek (16 urtetik gorako 4-6 kideko taldeek) izen emateko aukera dute otsailaren 3ra arte.

Euskararekin eta euskaraz primeran pasatzeko Kutxa Ekoguneak antolatu eta NOAUA! K.E. kide duen Euskaltzaleen Topaguneak koordinaturiko Euskararen Ginkanaren 7. edizioa ate joka dugu. Datorrenak "euskararen ekosistemak" izango ditu hizpide. Probak gai honi lotutakoak izango dira. "Ginkanaren helburua herritarren artean hizkuntzekiko sentiberatasuna, aktibismoa eta euskararen erabilpena sustatzea da. Horretarako, hizkuntza-ekologia eta hizkuntzen jasangarritasuna hartzen dira ardatz gisa eta lehiaketako edizio bakoitzean gai zehatz bat aukeratzen da". 

Zazpigarren ediziorako aipatu moduan, "euskararen ekosistemak". Bi faseetan bideratuko da lehiaketa; lehenengoan, Internet bidezko lau probei erantzun beharko diete parte hartzaileek. Asteazkenero izango dira probak otsailaren 3tik martxoaren 3ra. Euskararen Ginkanako webgunean zintzilikatuko dituzte.

Lau saio hauetan puntu kopuru gehien batzen dituzten lau taldeak sailkatuko dira bigarren fasera; martxoaren 20an Donostiako Ekogunean "aurrez aurre jokatu beharreko finalera". Finalean puntu gehien lortutako taldea izango da Euskararen Ginkanaren irabazlea.

Euskarari lotutako egitasmoak sustatzeko
3.000 euroko saria jasoko du talde irabazleak, sari bana baita finalera heldutako gainerako hiru taldeek. Lehen faseko taldeentzat ere "zozketa eta sari txikiak izango dira".

Talde irabazlearen kasuan, "jasotako sariaren %90 gutxienez, euskararen aldeko egitasmo bat finantzatzeko baliatuko du". Egitasmoa taldeak berak gauzatutakoa izan daiteke edo "aukera izango da beste elkarte edo eragile batek burutzen duen euskararen aldeko egitasmo bat diruz laguntzeko". Egitasmoa bera, taldeak izena ematerakoan aurkeztu beharko da.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, seigarren edizioko talde irabazleak jasotako saria Altzako Eskolan euskararen aldeko ekimenak sustatzeko baliatu zuten. Irabazleak bertako gurasoen euskara batzordeko kideak izan ziren.

Bosgarren edizioa Lizarrako "Mintzamendipintxopotepraktika" taldeko kideek irabazi zuten. Saria "Lizarran 48 ordu euskaraz" ekimena antolatzeko baliatu zuten. Laugarren edizioan Gasteizko Emaize Sexologia Zentroko kideak gailendu ziren eta saria sexu hezkuntzarako euskarazko ikus-entzunezkoak sortzeko erabili zuten. Hirugarren edizioa Algortako Bertso Eskola eta Lasarte-Oriako Dinbi Banda batukada taldea laguntzeko.

Parte hartzeko baldintzak
-4-6 kideko taldeak; lagun koadrilak, guraso edo ikasle taldeak, elkarteetako kideak...
-16 urtetik gora izatea.
-Izen ematerakoan webguneko galdetegia bete eta talde bakoitzaren aurkezpen bideoa grabatu.

Izen ematea eta informazio gehiagorako: euskararenginkana.eus