Hizkuntz eskubideen urraketen aurrean ahalduntzeko saioa Behatokiaren eskutik

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 21a, 10:51

Herritarrak hizkuntz eskubideen urraketen aurrean ahalduntzeko prestakuntza saioa eskainiko du Behatokiak, Usurbilgo Udalak otsailaren 3an Sutegin antolatu duen hitzorduan.

Euskaldunok eguneroko bizimoduan hainbatetan pairatu behar ditugun hizkuntz eskubideen urraketen aurrean ahalduntzeko formazio saioa antolatu du Usurbilgo Udalak. Saioa Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eskainiko du otsailaren 3an 18:00etan Sutegin. "Herritarrek zer tresna eta zer berme dituzten" azalduko da saioan. Izen ematea hilaren 29aren aurretik bideratu beharko da usurbilkultura.eus atarian.

Jardunaldi hau, Usurbilgo Udalak eta Behatokiak Euskaraldi betean ginela iazko azaro amaieran urtebeterako sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren testuinguruan egingo da. Herritarrak hizkuntza eskubideez kontzientziatu eta ahalduntzea du helburu. Eskubideok bermatzeko tresnak eskaintzea. Eta horretara dator otsailaren 3ko jardunaldia.


OTSAILAK 3, ASTEAZKENA
18:00 "Hizkuntza eskubideak. Herritarrak ahalduntzeko prestakuntza-saioa Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren eskutik Sutegin". 
Zehaztasunak: "Hizkuntza-aniztasunaren kudeaketatik hasita, euskarak bizi duen egoeraren inguruko kontzientzia lantzea da xedea. Pandemia-egoerak biderkatu dituen eskubide-urraketen aurrean herritarrek zer tresna (Akuilari...) eta zer berme dituzten azalduko du Behatokiak. Kontzientziatik aitortzara, eta aitortzatik bermera. Mikroboterea. *Saiora telefono-mugikorra eramatea aholkatzen da".
Edukiera: 17 lagunentzako tokia.
Izen ematea: doan urtarrilaren 29ra arte, usurbilkultura.eus atarian.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.