Koronabirusa

Gaurtik herrian konfinatuak eta gehienez lauko bilkurak

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 25a, 10:47

Gauerdiaz geroztik indarrean dira Eusko Jaurlaritzak iragan ostiralean onartu zituen neurri murriztaile berriak. Momentuz eremu laranjan den Usurbilera bi aldaketa nabarmen dakartza dekretu berriak; batetik, herritik atera nahiz sartzeko debekua (ezarriak dauden salbuespen kasuetan izan ezik) eta gehienez lau pertsonako bilkurak egongo dira baimenduak. Udalerri mailako konfinamendua indarrean izango da gutxienez 20 egunez, eta azaroan ez bezala, oraingoan jarduera "sozioekonomikoetarako" ezingo da Usurbilek mugakide dituen udalerrietara joan.

Eusko Jaurlaritzak covid19ari aurre egiteko ostiralean iragarri eta dekretu bidez larunbatean plazaraturiko neurri multzo berria indarrean da gauerdiaz geroztik. Bi aldaketa nagusi dakartza; batetik, gehienez 4 pertsonako bilkurak daude baimenduak, "salbu eta bizikideak badira, eta hargatik eragotzi gabe jendearentzat irekitako bulegoei, instalazioei eta establezimenduei, edo adingabeei edo menpeko pertsonei dagokienez ezartzen diren salbuespenak. Nolanahi ere, gomendatzen da ez egitea bizikidetza-unitate bat baino gehiagoko bilera edo topaketarik, batez ere barne-eremuetan".

Bestetik, udalerri mailako konfinamendua ezarri dute. Honenbestez, ezingo da Usurbildik atera, ezingo da Usurbila sartu. Ohi bezala hainbat salbuespen ezarri dira, arrazoi hauengatik bai, udalerritik atera edo sartu ahalko gara, sartu edo irteera hauek "behar bezala justifikatuta badaude":
a) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.
b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.
c) Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.
d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.
e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki kalteberei laguntza eta zaintza ematea.
f) Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.
g) Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko jarduketak (errekerituak edo presakoak).
h) Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.
i) Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.
j) Ezinbesteko kausa edo premia-egoera dela eta.
k) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

Udaberriko konfinamenduaz geroztik, udalerri mailako bigarren itxiera perimetrala indarrean da gaurtik. Ikusiko zenuten bezala, udalerritik kanpoko mugikortasuna baimentzen duten hainbat salbuespen ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak, baina bada bat, azarokoan baimendua egon zena eta oraingoan ez; gaurtik aurrera ezingo da "jarduera sozioekonomikoetarako" Usurbilek mugakide dituen udalerrietara joan. Aldiz, baimendutako kirol entrenamendu saio eta lehiaketetarako beharrezko lekualdatzeak egin ahalko dira. Kirol jarduerak egiterako garaian maskararen erabilera buruz dekretuak zera dio; kirol jarduera guztietan ezinbestean erabili beharko dela musukoa. Kasuotan izan ezik: "eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduetan, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko aparteko uneetan".

Mugimenduak justifikatu beharra
Baimenduak dauden kasu guztietan mugitu ahal izateko "interesdunak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena izan daiteke egiaztatzeko bidea, non interesdunak bere erantzukizunpean adierazten duen betetzen dituela dekretu honetan mugikortasun-mugaren salbuespenak justifikatzeko ezarritako betekizunak. Joan-etorriaren jatorriari, helburuari eta arrazoiari dagokienez egiaztatu nahi diren betekizunak zehaztu beharko dira adierazpen horretan. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada edo faltsua bada, ezin izango da joan-etorriarekin jarraitu, hargatik eragotzi gabe dagozkion erantzukizunak".

Lauko mahaiak
Ostalaritza sektoreari dagokionez, hortik kanpo bezala, lau bezeroko taldeak onartu ahalko dituzte jatetxe eta tabernetako mahaietan eta ezingo dira bi mahai edo gehiago elkartu. Gehienez edukieraren %50ean erabili ahalko da barruko eremua. Mahaien artean eta mahai bakoitzeko pertsonen artean 1,5 metroko segurtasun distantzia bermatu beharko dute. Orain arte bezala, ez barran ezta zutik ere ezingo da kontsumitu, beti mahaian eserita. Eta terrazetan eta nahiz inguruetan ez erretzea aholkatzen du Jaurlaritzaren dekretu berriak.

500eko intzidentziaren muga
Usurbilek 100.000 biztanleko 14 eguneko 500etik beherako intzidentzia du. 500etik gorakoa balu, ostalaritza sektorea itxi eta taldeko kirol jarduerak bertan behera geratuko dira. Gainerakoan, orain arteko neurriei eutsiko zaie. Eta neurri guztiok noiz arte izango diren indarrean? Bestelako aldaketarik ez bada, 20 bat egunez behintzat bai. Halere, egoera epidemiologikoak dekretu honen iraupena aldarazi dezake. "Dekretu honetan zein abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan eta haren aldaketetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, neurriok egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 20 eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe aurretik egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea".

Gainerakoan aldaketarik ez; orain arteko neurriei eutsiko zaie:
-Etxeratzeko agindua 22:00-06:00 artean.
-Merkataritza sektorearen itxiera edota kirol nahiz kultur jardueren amaiera 21:00etan.
-Ostalaritza sektorearen itxiera 20:00etan.
-%40ko edukieran ireki ahalko dira 150 metrotik gorako merkataritza establezimenduak %60koa izango dute 150 metro karratutik beherakoetan.
-Kultu-aretoetako gehieneko edukiera %35era mugatzea.
-Musika- eta ahots-entsioak eta emanaldiak bertan behera.