Koronabirusa

Ertzaintzaren presentzia areagotu da asteburuan

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 25a, 10:18

Larunbat goiz osoan kontrola ezarri zuten, lanengatik errei bat itxita dagoen N-634 errepidearen Txikierdi-Troia bide zatian. Egun berean baina gauez, 9 laguni isuna jarri zieten herrian. Ez da halakorik gertatzen den lehen aldia. 

Covid19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak astelehen honetatik indarrean dituen neurri murriztaile berriak aplikatzen hastearekin batera, Ertzaintzak iragarri duenez, "Ertzaintzaren trafikoko eta herritarren babeserako eta udaltzaingoetako unitateek jarraitu egingo dute lurraldeen eta udalerrien arteko mugikortasuna kontrolatzen Euskadiko errepide nagusietan eta bigarren mailakoetan". 

Azken egunotan Usurbil inguruan ere presentzia poliziala areagotzen doala dirudi. Gaurko neurri murriztaile berriak indarrean jarri aurretik, larunbat goiz osoan, EAE-ko poliziak N-634 errepidean jarri zuen kontrola, Troia eta Txikierdi artean, errei bat lanengatik itxita duten bide zatian hain zuzen. Hainbat herritar geldiarazi zituzten, ustez, bide zati horretatik igarotzean ibilgailuko argiak itzalita eramateagatik. "Alkoholemia eta drogak" zioen ordea, kontrolaren parean jarri eta eguerdian zonaldetik joan zirenean ere oraindik han segitzen zuen seinaleak. Albiste honi atxikia duzuena herritar batek larunbat goizean zonalde horretan ateratako argazkia duzue. 

Larunbat gauean Usurbilen izan zen berriz Ertzaintza. Bederatzi laguni isunak jarri zizkiola berri eman dute asteburuan. Honela adierazi du Ertzaintzak bere web orrialdean; "Usurbilen bederatzi pertsona aurkitu zituzten atzo, larunbata", oraindik etxeratzeko agindua indarrean ez zela, "gaueko 21:30etan, alkohola edaten nahitaezko maskara jantzi gabe". 

Gau berean baina beranduago, Donostian, Seguran, Aian, Gasteizen, Bilbon edo Gernikan ere herritar gehiagori isunak jarri zizkioten, Ertzaintzak bere web orrialdean berri eman duenez guztira 76 pertsonei, etxeratze agindua indarrean izaten den ordutegian, 22:00-6:00 artean taberna, hotel nahiz etxeetan festak egiteagatik. 

Gazteen aurkako salaketak
Ez da Ertzaintzak Usurbilen herri barruan, bizi dugun osasun krisialdian isunak jarri edota kalean zihoazen herritarrak geldiarazi dituen lehen aldia. Abuztuan, "normaltasun berrian" erabat murgilduak ginenean, bi gaztetxo geldiarazi zituen Ertzaintzak herri erdigunean terrazen eremutik hurbil oinez zihoazela igande eguerdi batean, Mikel Laboa plazatik gertu den makina batetik jatekoa eta edatekoa erosi ostean. Bi lagunotako batek musukoa jantzita zeraman, besteak orduantxe paparrean zintzilikatua zuen, itxuraz eskuartean zuen freskagarria edaten hasteko. Ertzaintzak mugikortasuna eragotzi, datuak eskatu eta geldiarazi zituzten.

Gogoan izan baita, azaroan, hilabete amaiera hartako Gazte Egun egokitua antolatzen zebilen gazte talde baten antolaketa jarduna eten zutela, telefono dei salatzaile baten ostean. Ertzaintza indarrez sartu zen Aitzaga Elkartean eta antolaketa lanean zeuden 10 gazteak salatu zituen. Onartezintzat jo zuten biharamunean, "estatu polizial batean bilakatzea gure herria", eta iragarri zutenez, "errekurritu egingo ditugu Ertzaintzak bertan ziren norbanako bakoitzari jarritako salaketak".

Auzitan da egunotan, bizi dugun osasun krisialdiari aurre egiteko poliziaren jardunbidearen egokitasuna, Donostian larunbatean egin zen manifestazio jendetsuak erakutsi zuen moduan.