Xua Gurasoekin Etxera

Patxi Urangak ez du espetxera lotara itzuli beharrik izango

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 27a, 13:55

Olatz Lasagabasterri bezala Patxi Uranga herrikideari ere pultsera telematikoa jarriko diotela berri eman diote NOAUA!ri bere ibilbidea amaitutzat eman duen Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik. Ondorioz, ez du orain arte bezala Martuteneko espetxera lotara joaten segi beharrik izango. 

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak asteotan gogorarazi digun moduan, errepresaliatu politikorik gabeko udalerrian bilakatu da Usurbil 47 urtean lehen aldiz. Bilgunetik oroitarazi digutenez, “arrazoi politikoak tarteko, 1968tik 43 usurbildarrek (bertan jaiotakoak edo bertan bizi direnak) ezagutu dute espetxea. Horietako batzuk behin baino gehiagotan izan dira kartzelan. Urte gehien egin dituena Xabier Aranburu “Xomorro” izan da”, oroitarazi du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Aginagarrak 25 urte espetxean bizi izan zituen.

Espetxea atzean utzi eta etxeratzen azkenak, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideak izan ziren azaroa hasieran, izatez bi urte lehenago (2018ko ekainetik) baldintzapean aske behar zuten arren, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta. Baina aipatu moduan, iaz Valentziako Picassentetik Madrilgo Aranjuezko espetxera lekuz aldatu ostean, azaroan kalera irteteko asteburu bateko baimena eman zieten. Usurbilen igaro ahal izan zituzten hiru egun; eta gainera, ez zuten gero Aranjuezera itzuli beharrik izan, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Orokorrak bi herrikideak Martutenera kartzelaz aldatzea erabaki zuelako. 

Asteburu haren ostean, Usurbilen Nahi Ditugu eta Sare taldeek berri eman zutenez, Olatzek eta Patxik Martuteneko espetxean aurkeztu zuten euren burua. Baina ez zuen gehiago espetxera itzuli beharrik izan, pultsera telematikoa jarri ziotelako. Patxik bai, astean lau gau, astelehenetik ostegunera Martuteneko kartzelan igaro beharra agindu zioten. Orain arte. Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik aditzera eman dutenez, "Patxik ere jada ez du Martutenera joan beharko lotara. Olatzi bezala, pultsera jarriko diote".

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik ohartarazi dutenez ordea, "baldintzapeko askatasun-eskaerari buruz oraindik ez daukate berririk".

Sarek hartuko du lekukoa
Usurbil errepresaliatu politikorik gabeko udalerrian bilakatu ostean, bere ibilbidea amaitutzat jo du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak egunotan NOAUA! bidez berri eman dizuegun moduan. Aurrerantzean Sarek hartuko du euskal presoen eta haien senideen eskubideak betearazteko lanen lekukoa. Sarek deituta egingo dira besteak beste, hilabete amaierako azken ostiraleko elkarretaratzeak; datorrena, urtarrilaren 29an 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Erlazionatuak