Argia Sariak online bidez jakinaraziko dituzte

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 28a, 08:17
Iazko Argia Sarien irabazleak. Argazkiaren egilea: Argia.

Aurtengoan ez da Atxega Jauregian egin izan duten jendaurreko Argia Sarien banaketa ekitaldirik ospatuko. Online bidez ezagutaraziko dituzte sarituen izen abizenak, datorren astean zehar.

Urtarrileko azken ostiralean banatu ohi dituzte Argia Sariak Atxega Jauregian. Euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren alorrean nabarmenduriko lanak saritzen dituzte urtero, ikus-entzunezkoen arloan, irratigintzan, prentsan, Interneten, eta kanpaina onena ere saritzen dute. 

2020. urtean ospatu zen 31. ediziora arte, jendaurrean, erakunde eta gizarteko nahiz hedabideetako ordezkariak biltzen dituen ekitaldian banatu izan dituzte Argia Sariak. Pandemia betean gauden honetan ordea, egun bizi dugun osasun krisialdiak planak aldarazi dizkie antolatzaileei.

Aurtengo Argia Sariak telematikoki, online bidez jakinaraziko dituzte argia.eus web orrialdearen bidez. Egunero saritu bat, datorren aste osoan zehar, otsailaren 1etik 5era, goizeko 10:00etan. 

Sarituak Argiako erredakzioak hautatzen ditu, aurrez herritarrek bidalitako proposamenak aintzakotzat hartuta. Argiak berri eman duenez, "gero eta kazetaritza lan gehiago egiten da euskaraz, gero eta lan sendoagoak daude, eta Argiarentzat ere gero eta gaitzagoa da lanak, pertsonak edo proiektuak hautatzea". Iradokizun hauen balioa goraipatu eta ekarpenak egin dituzten guztiak eskertu dituzte egunotan. 

Sari banaketa
Aipatu moduan, sarituak datorren astean ezagutaraziko ditu Argiak. Sarituek Argiaren aitortza eta zabalpenarekin batera, Antton Mendizabal eskultoreak sortutako garaikurra jasoko dute. Hemen sarien banaketaren egutegia:
-Otsailak 1, astelehena: ikus-entzunezko saria.
-Otsailak 2, asteartea: kanpaina onenaren saria.
-Otsailak 3, asteazkena: Irratia Saria.
-Otsailak 4, osteguna: Internet Saria.
-Otsailak 5, ostirala: Prentsa Saria.

Sari banaketa: aipatu egunotan, egunero 10:00etan argia.eus atarian.