Usurbilkultura.eus

“Erradikalak ginen” larunbatean Sutegin, umore zirikatzailea gaitegi berriarekin

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 8a, 10:04
Argazkiaren egilea: Cesar Marcos.

Erradikaltasunaren erroetara bidaiatzera gonbidatu gintuzten lehen emanaldi hark harrera ezinhobea izan ostean, bueltan datoz NOAUA! K.E.-ren eskutik otsailaren 13an 18:00etan Sutegira Ane Labaka eta Bea Egizabal Lasarte-Oriatik, bigarren “Erradikalak ginen” saioarekin. Emanaldirako sarrerak 6 eurotan eskura ditzakezue aurrez usurbilkultura.eus atarian. NOAUA!ko bazkideek 4 eurotan kultur elkartearen egoitzan. Feminismoa zeharlerrotzat hartuta umoretik pil-pilean diren hurbileko gaiez (“neska gazte promesa” etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz…) zer hausnartua emango digute. Argi diote; “erradikalak ginen, gara eta izango gara”.

“Erradikalak gara” emanaldi haren bigarren zati bezala, haren jatorrirako bidaia gisa aurkeztu daiteke “Erradikalak ginen”
Ane Labaka: Bada Beak eta nik batera egin dugun bide horren bigarren geltoki bat edo. Egia da aldi berean independenteak direla. Lehenengo horretan bai eduki genuela sentsazioa nolabait formatuarekin edo asmatu genuela, guk nahi genituen gai horiek lantzeko bide ematen zuela bakarrizketak eta bertsoak uztartzeak. Bigarren honetan formatu hori mantendu eta gaitegi berria txertatu dugu.

Bigarren zatia inoiz ez dela lehenengoak baino hobeak izaten, baieztapen horrekin hautsi nahi duzue ezta?
Esaldi horrekin eta bigarren zatiek eragindako presio horrekin ere bai. Lehenengoak bere arrakastatsoa izan zuen, harrera oso ona izan zen. Ia 100 emanalditik gora egin genituen. Hortik abiatzen zarenean, eta badakizunean jende bat behintzat lehenengoa ikusita horren zain dagoela, ez duzu maila horretatik jaitsi nahi. Esplizitu egiten dugu obraren une batean bigarren zatiek eduki dezaketen espektatiba eta presioa.

Erradikal hitzaren erroetara jotzeko nahia zenuten. Izenburuari eutsi diozue, oraingoan, aditza egokituta.
Erroetara jo eta aldatzen saiatu gara. Erradikal hitza askotan zentzu txarrean edo peioratiboan erabiltzen da eta ez du zertan. Zer esanik ez emakumea baldin bazara, kexatu edo aldarrikatu dezakezu ezarritako neurrien barruan baina erradikalegia izan gabe, pasa gabe. Guk sinesten dugu eraldaketa erroetara joaz etorriko dela etortzekotan. Egungo egoera zein den bistaratzen saiatzen gara, eta benetan erradikalak garela edo askoz erradikalagoak izan beharko genukeela. Oraingoan aditza aldatuta izenburua mantendu nahi genuen jendeak ulertu zedin, bigarren zati bat izango zela eta horren inguruan gogoetatzen dugu berriz ere.

Emanaldiak hautsi ditu publikoak izan zitzakeen “eskemak”?
Hurbiltzen zen jendeak espero zuen halako zerbait. Azkenean guk aldarrikatzen genuen feminismoa zeharlerro zuen obra bat izango zela eta umorearen bidez publikoaren kontzientzietan sartu, barre egin baina barre egitearekin batera kontraesan batzuk seinalatu nahi genituela, atximurka batzuk egin eta nik uste hori lortu genuela. Eta jasotzen genuen erantzuna bukaeran izaten zen gaitegi oso zabala jorratzen genuela. Polita zen ikustea, amatasunari edota euskalduntasunari lotutako zatiekin nola identifikatzen zen publikoa. Bigarren honetan ere uste dut hala dela. Beak eta nik askotan esaten dugu gure emanaldian zehar, ispilu moduko batzuk jartzen dizkiogula publikoari eta ispilu horren islatik jasotzen du batzuetan ikusi nahi duena, baina beste askotan ikusi nahi ez duen hori. Orduan gero etxeko lanekin bidaltzen ditugu batzuk etxera.

Lehen emanaldian jasotakoak bultzatuta, errepikatu duenik izan da?
Bai, askok bitan eta batzuk hiruzpalau aldiz, eta aldiro esaten zuten, mamitsua zela oso. Harimutur asko ukitzen dira eta bigarren batean ikusteak esandakoari edo bertsoei arreta gehiago jartzea ahalbidetzen die.

"Erradikalak ginen" lanarekin noiztik zabiltzate?
2019ko maiatzean aurreestreinatu genuen Bilbon euskalgintzari eta feminismoari buruzko jardunaldi batzuetan. Azaroan hasi ginen martxan. Iragan urte hasieran emanaldi batzuk eskaini genituen. Martxoaren 8aren buelta agenda topera genuen baina hor emanaldi piloa eten zen. Posible izan den neurrian, zintzilik geratutako dezente berreskuratu ditugu urte amaieran.

Bigarren zati hau zer harrera izaten ari da garai berezi hauetan?
Beldur bat edo bagenuen bigarren zatia lehenengoarekin ez ote zuten alderatuko, baina oso harrera ona izaten ari da. Pandemiagatik aforoak murriztuta daude baina antzokiak betetzen ari gara, ez soilik ikusle kopuruan. Publikoa inoiz baino eskertuago dago sortzaileekiko. Behar handia dago barre egin edota elkarrekin egoteko, nahiz eta distantziara izan. Emanaldi oso bereziak izaten ari dira, jendea kolektiboki zerbait egiteko eta kultura premiarekin baitago.

Beti izan euskal kultura bilgunea, baina orain inoiz baino gehiago?
Bai. Azkenean orain egin daitekeen gauza kolektiboenetako bat, bertso saio batera edo emanaldi batera joatea da. Distantziak errespetatuta, herritar kopuru handienarekin elkartu eta elkar ikus zaitezkeen eremua hori izan daiteke. Pandemiak kendu digun gauzetako bat da hain zuzen talde eta kolektibo ezin sentitu ahal izatea, eta halako espazio txiki horiek behintzat ematen dute horri eusteko aukera.

Zuen jardunean nola eragiten ari da pandemia?
Denoi bezala, bete-betean. Iazko martxoa gainezka geneukan, une hartan shocka izan zen, ez genuen ulertzen zer ari zen gertatzen. Gero tarte batean gizartearen aldeko debaldeko lanak eskatu zitzaizkigun kultur sortzaileoi, emandakoa gero jasoko genuelakoan. Erakundeen oztopoak izan arren, herritarren aldetik bai sumatzen dut leku askotan emanaldiak antolatzen saiatzen ari direla, erakundeak oso oso motel ikusten ditut. Hasieratik ikusi da lehentasuna beste leku batean zegoela, ekonomian, eta gurea ez da ekonomiaren zimenduetako bat eta hori oso nabarmen geratu da. Bertan behera geratutako emanaldiak gero agendan kokatu eta urtea nolabait salbatu dugu. Niri gehien eragiten didana etengabeko ziurgabetasuna da, neurri berrien pendiente egon beharra. Agenda betetzen zaizun aldiro zalantzan ea aurrera joango den edo ez, hilabeteko soldata horren menpe, nahiko nekatuta nago egoera horrekin.

Krisialdi honetatik zer ikasi beharko genuke?
Kulturak balio bat duela eta balio bat eman behar zaiola. Balio bat emateko modua ere bada aitortza ekonomiko bat. Euskaratik eta euskaraz kulturan gabiltzanon artean badakigu prekarietatea zenbaterainokoa den eta honek hori agerian jarri du, baina lehenagotik zetorren zerbait da. Kolektiboki kultur sortzaileen estatusari buruz hausnartu beharko genuke. Askotan diogu herri bezala kultur sortzaileak premiazkoak ditugula baina gero nola zaintzen ditugun...

Otsailaren 13an Sutegira bueltan zatozte. Zer esan herritarrei emanaldi horri begira?
Gogoan dut aurreko emanaldia, gainera asko gustatzen zait Usurbilgo aretoa, goxoa da. Edonori gustatzeko, ukitzeko, aztoratzeko moduko emanaldi bat izan daiteke, ordubete ingurukoa eta garrantzia berezia hartzen du une honetan, denok dugunean behar hori barre egiteko, hausnartzeko, hitza jartzeko bizitzen ari garenari.

“Erradikalak gara” emanaldiarekin hasi zineten, “erradikalak ginen” orain… Hirugarren batekin segida izango du?
Beak eta biok herri bakoitzera bidaiatzen goazela denbora asko partekatzen dugu. Lehenengoa egiten ari ginen bitartean nahiko naturalki biok kezkatu eta eztabaidatzen ditugun gai piloa atera zen. Apuntatzen joan ginen eta bigarrenari ekin genionean jada landu nahi genuen gai zerrenda bat genuen. Mugimendu feministan aldiro sortzen dira gai eta galdera berriak. Posible ikusten dut hirugarren zatia, baina orain bigarrena egiten bezala sentitzen gara.