#covid19

Kirol jardueren eskaintza, eremu gorrira egokituko da

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 8a, 12:33

Usurbil eremu gorrira igarotzeak ostalaritzari eta kirol jarduerei eragingo die nagusiki. Bihartik zer egin ahalko den eta zer ez ohartarazi du Usurbilgo Udalak.

500eko intzidentzia gaindituta, eremu gorrira igaro berri da Usurbil. Ondorioz, kirol eskaintza testuinguru berrira egokituko dela berri eman du Usurbilgo Udalak. 

Eskola Kirola etenda geratzen da eremu gorrian; bai entrenamendu saioak, baita lehiaketak ere. Kirol federatuen entrenamendu eta lehiaketak ere bai. Soilik lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduak dauden kirolariek eman ahalko diote segida orain arteko jarduerari. 

Udal kirol instalakuntzei dagokienez, Oiardo Kiroldegiari; zabalik segiko du, baina aldez aurreko hitzordua eskatu beharko da bertara joateko. "Usurbilen erroldatutakoek bakarrik erabili ditzakete udal kirol instalazioak". %50eko edukiera edo aforoan zabalduko da eta iluntzeko 21:00ak arte. Aldagelak eta dutxak erabiltzen segi ahalko da (%30eko aforoa). Jarduerei dagokienez, 6 pertsonako taldeetan eta beti musukoarekin parte hartuko ahalko da, "kanpoan egiten den intentsitate handiko jarduera fisikoko aparteko uneetan izan ezik". Horrez gain, "squash, frontoi edo alokairuzko instalakuntzak ezingo dituzte gorde bizikidetza unitatea osatzen ez duten taldeek", Udalak ohartarazi duenez.

Gainerakoan, aire zabaleko kirol jarduerak egiteko baimenak indarrean segiko du, seiko taldeetan egin ahalko da gehienez. Eremu honetan nahiz esparru honetako jardueretan, musukoa beti erabili beharko da, kasuotan izan ezik; "eremu naturalean, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, baimendutako federatuen entrenamendu eta lehiaketetan, eta kanpoan egiten den intentsitate altuko jarduera fisikoko une berezietan".