Koronabirusa

Eremu gorriari lotutakoez gain, orain arteko neurri murriztaileak ere indarrean bihartik

500etik gorako intzidentzia duten udalerrietako neurri murriztaileez gain, egun Eusko Jaurlaritzak indarrean duen dekretukoak batu behar zaizkie. Ostalaritzaren itxieraz gain edota kirol jardueretan aplikatuko diren neurri murriztaileak salbu, ez da bestelako aldaketarik izango bihartik udalerri honetan. 

Ostalaritzaren itxiera edota kirol jardueretan murrizketa berriak dakartza eremu gorrira igarotzeak. Neurri murriztaile hauei, orain arte indarrean zirenak erantsi behar zaizkie:
-Etxeratzeko agindua 22:00-06:00 artean.
-Merkataritza sektorearen itxiera edota kirol nahiz kultur jardueren amaiera 21:00etan.
-%40ko edukieran ireki ahalko dira 150 metrotik gorako merkataritza establezimenduak %60koa izango dute 150 metro karratutik beherakoetan.
-Kultu-aretoetako gehieneko edukiera %35era mugatzea.
-Musika- eta ahots-entsioak eta emanaldiak bertan behera. 

Lauko bilkurak eta udalerri mailako itxiera
Eusko Jaurlaritza urtarrilaren 25ean aplikatzen hasi zen dekretuak bi aldaketa nagusi ekarri zituen ordea; gehienez lau laguneko bilkurak baimentzea, edota udalerri mailako konfinamendu perimetrala, edo bestela esanda, herritik atera nahiz herrira sartzeko debekua, kasu zehatzetan izan ezik eta "behar bezala justifikatuta badaude":
a) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.
b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.
c) Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.
d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.
e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki kalteberei laguntza eta zaintza ematea.
f) Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.
g) Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko jarduketak (errekerituak edo presakoak).
h) Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.
i) Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.
j) Ezinbesteko kausa edo premia-egoera dela eta.
k) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

Udaberriko konfinamenduaz geroztik mugikortasuna udalerrira mugatzea erabaki du bigarrenez Eusko Jaurlaritzak. Udazkenean lehenbiziko aldiz, eta orain bigarren aldiz. Orduko hartan, Usurbilek mugakide zituen udalerritara (Donostiara, Oriora edota Lasarte-Oriara) joan zitekeen "jarduera sozioekonomikoetara". Oraingoan ez. 

Aldiz, baimendutako kirol entrenamendu saio eta lehiaketetarako beharrezko lekualdatzeak egin ahal dira. Kirol jarduerak egiterako garaian maskararen erabilerari buruz dekretuak zera dio; kirol jarduera guztietan ezinbestean erabili beharko dela musukoa. Kasuotan izan ezik: "eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduetan, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko aparteko uneetan".

Mugimenduak justifikatu beharra
Baimenduak dauden kasu guztietan mugitu ahal izateko "interesdunak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena izan daiteke egiaztatzeko bidea, non interesdunak bere erantzukizunpean adierazten duen betetzen dituela dekretu honetan mugikortasun-mugaren salbuespenak justifikatzeko ezarritako betekizunak. Joan-etorriaren jatorriari, helburuari eta arrazoiari dagokienez egiaztatu nahi diren betekizunak zehaztu beharko dira adierazpen horretan. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada edo faltsua bada, ezin izango da joan-etorriarekin jarraitu, hargatik eragotzi gabe dagozkion erantzukizunak". Hemen eskura dezakezue agiri hori: mugikortasunerako agiria

Asteburura arte gutxienez
Neurri guztiok noiz arte izango diren indarrean? Bestelako aldaketarik ez bada, urtarrilaren 25etik zenbatzen hasita 20 bat egunez behintzat bai. Alegia, aste honen amaierara arte gutxienez. Halere, egoera epidemiologikoak dekretu honen iraupena aldarazi dezake. "Dekretu honetan zein abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan eta haren aldaketetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, neurriok egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 20 eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe aurretik egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea".

Dekretua
Urtarrilaren 25az geroztik Eusko Jaurlaritzak indarrean duen dekretuak dioena osorik, esteka honetan duzue: urtarrilaren 25eko dekretua

Argibideak
Eusko Jaurlaritzak indarrean duen dekretuari buruzko argibideak eskaintzen dituen galdera eta erantzunen gidaren azken bertsioa esteka honetan duzue: neurri berrien inguruko argibideak