Beñat Lizaso usurbildarra aste honetan hasiko den Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketan izango da

Erredakzioa 2021ko mar. 4a, 15:27

Larunbatean hasiko da Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketa. Bi  lehia bilduko ditu txapelketak: adimen urritasuneko teniseko txapelketa eta gomazko paleta txapelketa gurpildun aulkian. Gipuzkoako hainbat herrik hartuko dute parte txapelketan, tartean Usurbilek; Beñat Lizasoren eskutik gomazko paleta txapelketan arituko baita.  Dena ondo bidean, eta osasun egoerak ahalbideratzen badu, finalak Zumaian izango dira ekainaren 26an.

Jardunaldiak Gipuzkoako hainbat herritan izango dira: Errenteria, Asteasu, Zumaia, Ataun, Mutriku, Alkiza, Lasarte-Oria, Idiazabal, bai eta Usurbilen ere. Partehartzaileak Pagazpe, Mindara, Ostadar eta Zumaia klubeko pilotariak izango dira. Aspaldian ez dute indarrak neurtzeko aukerarik izan pandemia dela eta, eta gogoz hartuko dute txapelketa. Antolatzaileek udal ordezkariei eskerrak eman dizkiete desgaitasuna duten kirolarien gizarteratzea ahalbideratzeagatik, eta gogorarazi dute “denon ardura” dela bide horri heltzea, eta “bide hori elkarrekin egiteko deia” luzatu dute.