Beñat Lizaso: “Nik istripua txikitan izan nuen eta txipa aldatu egiten da nahitaez”

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 12a, 09:47

Larunbatean hasi zen Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketa. Bi  lehia biltzen ditu bere baitan: adimen urritasuneko teniseko txapelketa eta gomazko paleta txapelketa gurpildun aulkian. Beñat Lizaso azken honetan arituko da. Urteak daramatza Lizasok palan, baina txirrindularitzan ere egin ditu urrats garrantzitsuak.

NOAUA! Denbora asko txapelketarik jokatu gabe egon eta gero, berriz ere frontoira bueltan.

Beñat Lizaso: Oso gustura gaude berriz ere txapelketak ospatzen hasi direlako. Zazpi jokalari gaude txapelketa honetan, hiru aurrelari: Hilario, Manu eta Ander; eta atzelariak lau gara: Aingeru, Asier, Mikel eta ni neu. Denok denon aurka neurtuko ditugu indarrak, eta horren arabera bikoteak aterako dira. Gainera, aurten lehenengo aldiz, banakako txapelketa ere egingo da. Sei jokalarik hartuko dugu parte, eta oso berezia izango dela uste dut, bakoitzak bere jokoa erakusteko aukera izango baitu. Zentzu horretan oso eskertuta nago Federazioarekin eta Pagazpe zein Mindara Elkarteekin.

 

Zer moduz zaude fisikoki erronka berri honi aurre egiteko?

Osasun egoera dela medio ez dugu entrenatzeko denbora gehiegi izan, baina tira, aurrera aterako dugu txapelketa. Badira urte asko palan nabilela, 2009tik edo, eta bide luze horretan esperientzia lortu dut.

 

Nolatan erabaki zenuen urte hartan palan murgiltzea?

Taberna batean ibiltzen nintzen garai hartan, eta nire zerbitzarietako bat Jurgi Olasagasti zen. Kirol munduan asko aritu da, bai eta frontoian ere.

Egun batean proposatu zidan ea animatu nahi nuen kirol berri bat probatzera. Azaldu zidan gurpildun aulki bat eta eskuan pala hartuta jokatuko zela. Esan zidan pare bat lagunekin probatu zutela disziplina hori, eta asko pentsatu gabe baietz esan nion. Niri txikitatik gustatu izan zait pilota eta animatu egin nintzen. Ordutik jada urte batzuk pasatu dira, eta horretan jarraitzen dugu oraindik ere.

 

“Kirolak asko ematen du eta buruarentzat ere oso ona da”

NOAUA! Haurra zinela, bizikletarekin izandako istripu batean galdu zenuen hanka.

Beñat Lizaso: 1995ean izan nuen istripua, 13 urterekin. Bizikletan nenbilen nire lagun Iñakirekin eta aurreko egunean gurasoekin egin nuen ibilbidea egitea erabaki genuen. Lasartetik autobiako bidea egin genuen. Aurreko egunean aitak ohartarazi zidan bide hori oso arriskutsua zela eta bakarrik edo lagunekin ez egiteko. Hala ere, lagunak eta biok bide hori hartu genuen pentsatuta ez zela ezertxo ere gertatuko, eta kasualitatez kamioiak harrapatu gintuen. Iñakiri ez zitzaion ezer gertatu ikuspuntu fisiko batetik. Ni nola harrapatzen ninduen ikustea egokitu zitzaion. Ez zen samurra izango egoera hura berarentzat, eta hortik aurrera ere beti izan dut alboan eta sostengu handia izan da niretzat. Ni berriz, ia hilabete koman egon nintzen, eta hanka anputatu behar izan zidaten.

 

Horrelako egoera gogorra pasa eta gero, bizikletara itzuli zinen.

Urte asko lanean buru-belarri aritu naiz, kirola alde batera utzita. Geroago, pilotan sartu nintzen eta hor lortu nuen konfiantzaren ondorioz, berriz ere aukera bat eman nion bizikletari. Nola diren kontuak, orain egunero ibili nahi dut bizikletan. Orain errepideari beldurra baino errespetua diot gehiago.

 

Jende askorentzat eredu izan zaitezke.

Nik istripua txikitan izan nuen eta txipa aldatu egiten da nahitaez. Kirolak asko ematen du, eta buruarentzat ere oso ona da. Ni beti saiatuko nintzateke kirolen bat probatzen.