IX. Dantza Eguna

Euskal dantzak eta generoa nola uztartu diren azken mendeetan aztertu dute Sutegin

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 23a, 19:52

Genero-identitateak euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan izan duen garrantziari buruzko hitzaldia eskaini du Oier Araolaza kazetari, antropologo eta dantzariak. “Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan” bere doktorego tesia oinarritzat hartuta, azken urteetan egindako aurkikuntzak aurkeztu ditu Sutegin, dozenaka pertsonaren aurrean. 

Araolazaren hitzetan, ehun urtez euskal dantzak genero ardatzaren arabera sailkatuta erakutsi dira: nesken dantzak batetik eta gizonen dantzak bestetik. Baina emakumeen eta gizonen dantzak, janzkerak eta dantzakerak bereizten dituen marra hori ez da dantzaren historiaren aro guztietan berdina izan. Aurreskuaren eta orokorrean gizarte kohesioan euskal dantzak izandako garrantziaren bilakaera izan du ardatz, eta ikuspuntu horretatik, generoak izandako papera aztertu du. Zentzu horretan, egun daukagun euskal dantzen pertzepzioa auzitan jarri du Araolazak, ia historiaren etapa guztietan emakumeek partehartze aktiboa izan baitute, eta gizarte kohesioan garrantzia berezia dantzak, egun daukan indibidualismotik urrun. 

Tesia egin ostean, liburua argitaratu du Araolazak eta eskuragarri dago hainbat lekutan "Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan" izenburupean.