Gaurko "Ipuinak Dantzan" emanaldirako sarrerak agortuak

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 27a, 07:21

Harrera bikaina izan du Sutegi udal liburutegiak gaurko (apirilak 27) antolaturiko "Ipuinak Dantzan" emanaldiak. Eskuragarri zeuden sarrera baino izen emate gehiago izan da. Sarrerak zozketatu behar izan dituzte. Txartela egokitu zaion norbaitek astearte honetan 18:00etan kultur etxeko auditorioan izango den saiora joaterik izango ez balu, "jar dadila Liburutegiarekin harremanetan", eskatu dute antolatzaileek. Apirilaren 23ko Liburuaren Egunaren harira antolatu dute "Ipuinak Dantzan" ipuin-kontaketa saio musikatua. Ana Apika izango da ipuin-kontalaria eta Intxixu Valbuena, berriz, musikaria. Apikarekin izan da NOAUA! saioari buruzko azalpenak emateko.

NOAUA! Ipuin kontaketa musikatua kontzeptu berria egiten zaio jende askori. Nola uztartzen dira bi diziplinak saioan?
Ana Apika: Botikan bezala, ipuin kontaketa mota pila bat dago; batzuetan txotxongiloak erabiltzen dira, beste batzuetan irudiak, beste kasuetan oihalak, maletak, mahaiak, mozorroak... Nik ahozkotasunean oinarritzen dut lana; ahotsa, komunikazioa, presentzia eta publikoarekin sortzen den harremana ezinbestekoak dira nire kontaketetan. Kontalari lanetan 24 urte baino gehiagoko eskarmentua dut eta duela urte batzuk Intxixu Valbuena ezagutu, eta berarekin zerbait berezia egitea bururatu zitzaidan. Berak kitarra elektrikoa jotzen du, eta hala hasi ginen gure lehenego ikuskizuna prestatzen: "Ipuinak Dantzan". Garrantzia eman nahi nion musikariari ere eta musikari, horrexegatik ipuinak kontatzeaz gain, kanta ugari ere abesten ditugu, kantetan ere istorioak daude eta. Ipuin bakoitzak bere tratamendua du, lehenengo ipuinean musika-ukituak sartu ditugu, bigarrenean berriz musika sentimenduekin bat dator, istorioa laguntzen du,  eta  hirugarrenean pista musikalak erabiltzen ditugu publikoarekin istorioa aurrera eramateko.

Jendeak orokorrean nahiago ditu kontaketa musikatuak edo betiko ipuin kontaketa tradizionala?Gure kontaketa musikatuek beste xarma bat dute, poetikoagoak dira edo. Kantak ere sartzen ditugunez, publikoak parte har dezake eta normalean gurasoak ere oso gustora egoten dira gurekin saioetan. Leku handietan, kalean, jaialdietan   edota  familiekin aritzeko kontaketak, orokorrean, musikatuak aproposagoak  direla esango nuke.

Adin guztientzat zuzendutako saioa izango da. Zein adin talderentzat izan daiteke egokiena?
Beti esaten dugu 4 urtetik gorakoentzat direla gure saioak, ordubetekoak dira eta batzuetan apur bat luzatzen gara. Ume txikiak ere gustatzen zaizkigu, gurasoekin baldin badaude, ez dago arazorik, baina adi egon behar dugu eta nazkatzen direnean onena da etxera edo kanpora eramatea.   Orokorrean esanda, 4 urtetik 120 urtekoenganaino irits gaitezke ongien.

Zein da landuko duzuen gaia? 
Kasu honetan ez dago gai konkreturik.  Ipuin onak dira, hori bai: ume eta familia kontuak, harremanak, sentimenduak... ipuin guztiak bezala, gozatzeko ipuinak dira.

Zer aurrera dezakezu spoilerrik egin gabe?
Etorri gurekin ondo pasatzera, barreak egingo ditugu eta.  Berotu eztarria eta ireki irudimena, askatu bihotza eta jarri burmunina martxan.