Maiatzeko kultur agenda

Ohiko ospakizunik gabeko maiatza, baina jarduera eskaintza zabalarekin

Covid19ak eragindako osasun krisialdi betean segitzen dugunez, aurtengoan ere ez da ohiko Sagardo Egun edo San Ixidro Egunik ospatuko. Baina alternatibarik ez da faltako. Sagardo Eguna etxetik ospatzeko aukera izateaz gain, Jexux Artze K.E.-ren zikloa ate joka dugu, "Elhuyar Solasaldiak" zikloko azken saioak ere hilabete honetan izango ditugu, Sarek Andatzara antolaturiko mendi martxa, edota Anerrekak Arkaitzerrekaren hondamendiaren urtemugaren harira antolatu dituen hitzorduak.

Jai giroan murgiltzen hasteko hilabetea izan ohi dugu maiatza Usurbilen, herritarren jaialdi kuttunenarekin; Sagardo Egunarekin. Ondo bidean, maiatzaren 23an ospatuko genuen plazan. Covid19ak eragindako osasun krisialdi betean jarraitzen dugunez ordea, iazko maiatzaren tankera izango du aurtengoak; etxetik ospatzeko deia egin du hitzordu seinalatua, Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek.

"Aurtengo honetan ere zuen etxeetan ospatzera animatzen zaituztegu ordea, jantzi balkoiak lehengo urtean banatu genituen eta gorde zenituzten plastikoekin, atera maindire txuri bat eta trapu gorriren batekin atondu, atara armairutik baserritar jantziak, ireki sagardo botila eta egin TXOTX! Ez gaitzala egoerak atzera bota eta ospa dezagun Usurbilgo Sagardo Eguna, ahal den moduan eta beti ere osasun neurriak zainduz", zehaztu dute.

Martxak datorren asteburuan
Maiatzaren 23rako hitzordu bat badugu, baina hilabete osorako eskaintza zabalagoa ere prestatu digute herri eragile anitzek. Igande honetako ezohiko Andatza Egunaren ostean, beste bi martxa datorren asteburuan; larunbatean (hilak 8), Sarek euskal presoen etxeratzea eskatzeko Andatzara bertara deitu duen martxa (9:30etan Mikel Laboa plazatik). Euskal Herriko 650 mendi tontorretara martxak izango dira. Deialdi bateratua, 11:30etan tontorrean.

Biharamunean Arkaitzerrekara martxa, erraustegiaren eremutik amoniakoa isuri izanaren eraginez, ehunka arrain hil zituen hondamendiaren urtemuga egunean, maiatzaren 9an. Goizeko 11:00etan zutabe bana abiatuko da Usurbilgo frontoitik eta Zubietako plazatik. Arkaitzerreka inguruan azalpenak eskainiko dituzte antolatzaileek, Anerreka Ingurumen Elkarteko kideek. Bezperarako, erreken zaintzaren aldeko kartel margoketa antolatu dute frontoian. Maiatzaren 15erako, Aranerreka garbitzeko auzolan deialdia egin dute.

Jexux Artzeren omenez
Beste ziklo bat, kultur arlokoa kasu honetan; Jexux Artze K.E.-k antolaturiko "udaberriko ekitaldiak": aurtengoan, "Ane" film saritua, "Konpromisoa" antzezlana eta Basabi eta Kimu taldeen kontzertuak iragarri dituzte datozen bi asteburuetarako.

Musika eta film kontu gehiago;  hilaren 9an, Joseba B. Lenoir Gangen kontzertua Usurbilgo Udalaren eskutik. Maiatzaren 16an, bueltan datorkigu NOAUA! K.E.-ren eskutik, 18. ediziora heldu den Laburbira, euskarazko film laburren emanaldia.

Elhuyar solasaldien azken saioak
Lehenago, astelehen honetan odola emateko eguna izango dugu, 16:30-20:10 artean Udarregi Ikastolan. Lehen aldiz odola eman nahi dutenek, maiatzaren 3an goizez deitu dezatela, 943 007 884 telefono zenbakira. 

Eta datozen bi asteazken hauetan, "Elhuyar Solasaldiak" zikloko azken saioak; maiatzaren 5ean, "ekonomiaren berreraikuntza ekologiaren hizpide eta hilaren 12an, "adimen artifiziala hizkuntzan: nola eman ikuspegi soziala". 


Maiatzak dakarrena egunez egun, web orrialde honetako "Agenda" atalean duzue.