Erreka osasuntsuen alde

Aranerreka auzolanean garbitzeko deia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 11a, 08:42

Igandean Zubietako Arkaitzerrekara martxa antolatu zuen Anerreka Ingurumen Elkarteak, izen berekoa izan eta Usurbilgo udalerria zeharkatzen duen erreka hondakinez auzolanean garbitzeko deia egin du larunbatean, maiatzaren 15ean. Katiuskak jantzita eramatea baino ez da eskatzen.

"Kalean botatzen diren hondakin asko ibai-sistemara iristen dira eta bertatik itsasora. Plastikoek ingurumenean duten eragin negatiboaren inguruan hausnartu behar da. Usurbilen ere nabarmena da, eta herritarrak kontzientziatu eta egoera hobetzearen, Aranerreka garbitzeko auzolana antolatu dugu".

Larunbaterako, maiatzaren 15erako finkatu dute hitzordua, goizeko 10:00etan Aranerrekan, Artzabal inguruan. "Ez da ezer eraman behar", ohartarazi dute antolatzaileek. Katiuskak jantzita. 

Auzolanerako gainerako baliabideak bertan banatuko dira. Egun horren aurretik Udalari uraren kalitatea aztertuko duen analitika bat egitea eskatuko diote. Ekimen honen bidez, “kontzientzatzeko deia egiten dugu, zenbat ur baliabide garrantzitsu eta eder ditugun herrian, ze aberastasun duen, eta ze nahitaezkoak diren kalitateko urekin egotea”. Are gehiago Artzabal parean Aranerrekak alboan duen parkea izanda. “Inguru horrek garbi eta seguru egon behar du”, Anerrekakoen esanetan.

Herritarrei eta administrazioari deia baita; “gure etxeko sukaldea txukun izatea garrantzitsua den bezala, denona den kalea txukun izateak garrantzia bera duela”. Etxeko hondakinekiko usurbildarrek erakutsitako jokabide ona, “kalean badugu gure jokabidean zer hobetua”. Aranerrekaren kasuan bezala; lehendik zeuden kontrolpetik kanpoko isurketak esaterako. Itsasoratzen diren hondakinekin eragindako kaltea “hemen hasten da” ohartarazten du Anerrekak. “Gure jokabideak hemen nolakoak, itsasoan eragina halakoa”. Eta bistan denez, badugu zer hobetua.

"Errekatxiki, Errekazikin"
"Errekatxiki, Errekazikin" mezuarekin ohartarazi zuen NOAUA! aipatu herritarrak berriki Aranerrekan ikusitakoa, zenbait argazki helaraztearekin batera. "Puntapax inguruan nahiko garbi ikusten da errekatxoa baina metro matzuk aurrerago..." irudietan ikus daitekeena. "Ez da lehenengo aldia" ohartarazi dio NOAUA!ri.