Koronabirusa

Neurri murriztaile gutxiagorekin baina eremu gorrian oraindik

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 10a, 13:07

Astelehen honetan hirugarren aldiz txertatuko zuen Eusko Jaurlaritzak Usurbil, eremu gorrian diren 100.000 biztanleko 14 eguneko 400etik gorako intzidentzia duten udalerrien zerrendan. Aparteko neurri murriztaileak aplikatzen segiko ziren. Gaur oraindik Usurbil eremu gorrian den arren, estatu alarma desaktibatua dago. Ondorioz, neurri gehigarri horien aplikazioa ere eten da.

Astelehena. Aste hasierarekin batera eguneratzen zuen orain arte Eusko Jaurlaritzak, 100.000 biztanleko 14 eguneko 400eko intzidentziatik gora ziren udalerrietan aplikatu beharreko neurri murriztaileei buruzko ebazpena. Usurbilek apirilaren 21az geroztik ia hiru aste darama eremu gorrian; 760,94ko intzidentzia izatera heldu zen maiatzaren 4an. 

Bitan agertu da Usurbil, Eusko Jaurlaritzak astelehenero eguneratu eta eremu gorrian diren EAE-ko udalerrien zerrendan. Eremu gorrian egoteagatik, udalerri mailako konfinamendu perimetrala ezarria izan dugu. Usurbilek mugakide zituen udalerrietara (Orio, Lasarte-Oria edo Donostiara) erosketak egin edota aire zabaleko kirol jarduerak egitera joan zitekeen soilik. Ostalaritza guneen barruko erabilera ordutegi honetara mugatua zegoen: 06:30-09:30 / 13:00-16:30. Neurri orokorragoak ere indarrean ziren; 22:00-06:00 artean genuen etxeratzeko agindua, 20:00etan ostalaritza guneen itxera, 21:00etan merkataritza establezimenduena eta kultur jardueren amaiera...

Neurri guztiok ordea desaktibatuak geratu dira asteburuan, estatu alarma egoera ezabatzearekin batera. Halere, iragan asteotan bezala, eremu gorrian segitzen du Usurbilek. 100.000 biztanleko 14 eguneko 697,53ko intzidentzia du udalerri honek. Apirileko azken astean 600eko intzidentzia izan genuen, iragan astetik 700 inguruan gara. Maiatzeko lehen 9 egunetan 25 koronabirus kasu zenbatu ditu Osasun Sailak udalerri honetan, 19 kasu azken 7 egunetan. 43 azken 14 egunetan. 

Neurri murriztaile gutxiago izan arren, eremu gorrian segitzen dugu.