"Adimen artifiziala hizkuntzan", "Elhuyar Solasaldiak" zikloko azken saioa gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 12a, 10:44

EHUko irakasle eta IXA taldeko kide Xabier Arregi Iparragirre herritarrak eta Xabier Saralegi Urizar Elhuyarreko kidea izango dira "Elhuyar Solasaldiak" zikloko azken saioko gonbidatuak. "Adimen artifiziala hizkuntzan: nola eman ikuspegi soziala" hitzaldia eskainiko dute asteazkenean (maiatzak 12) 18:30etan Sutegin. Izen ematea aurrez ohi bezala, usurbilkultura.eus atarian.

Sutegira joaterik izan ez baina saioa jarraitu nahi izanez gero, bada alternatibarik: streaming zerbitzua egongo da. Pentsamendu kritikoa hizpide izango duen saioa aipatu usurbilkultura.eus ataritik edo zientzia.eus webgunetik zuzenean jarraitu ahalko da.

Hitzaldi-zikloa, aspaldidanik Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek duten lankidetza eta harremanaren adibide argia da. Baina ez bakarra. Harria Hitz edota Kalezarko Pelaioenea eraikinean etorkizunean egoitza izango duten Emakumeen Etxea eta auzo-ekipamendua egitasmoen bueltan ere elkarrekin aritu dira lanean. Udala Elhuyarreko bazkide eta patronatuko kidea da.

Elkarlan horrek, besteak beste, euskararen normalkuntza eta zientziaren eta teknologiaren gizarteratzearen aldeko lana sustatzea ditu xede. Covid-19ak herritarren artean zientziaren ezagutza zabaltzeko beharra inoiz baino ageriago jarri duen garaiotan, lankidetza esparru hori solasaldi-sorta baten bidez gauzatuko dute Udalak eta Elhuyarrek asteotan.

 

"ELHUYAR SOLASALDIAK"
Saioen ordutegia:
18:30.
Saioak non:
Sutegi.
Izen ematea: 
doan aurrez, usurbilkultura.eus atarian. Hitzaldi guztiak zuzenean usurbilkultura.eus edo zientzia.eus atarien bidez.

Maiatzak 12, asteazkena: Adimen artifiziala hizkuntzan
Maiatzaren 12an, azken hitzaldian, Xabier Arregi Iparragirre EHUko irakasle eta IXA taldeko kideak eta Xabier Saralegi Urizar Elhuyarreko kideak adimen artifiziala hizkuntzan izango dute hizpide, eta, zehazki, landuko dute nola eman ikuspegi soziala gaiari.