Babestutako edukia

Elkar Ekin Lanean, bazterkeriatik lanera

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 27a, 11:48
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Elkar Ekin Lanean 2021-2023 estrategia aurkezten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Elkar Ekin Lanean 2021-2023 estrategia aurkeztu du; datozen hiru urteetan, bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonentzako 3.500 lanpostu berriren sorrera bultzatzea du xede.

Bazterkeria arriskuan edo egoe­ran dauden pertsonak gizarte­ratu eta lan munduan txertatzea helburu duen Elkar Ekin Lanean 2021-2023 estrategia aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Enplegu Inklusiboa eta Kalita­tezkoa sustatu nahi da egitasmo honekin. "Nazioartean eredu gara lan babestuan eta ekonomia sozialean, hirugarren sektore sozialeko enpresei eta koopera­tibei esker, hurrenez hurren. Horixe bera lortu behar dugu enplegu inklusiboan. Lan mer­katuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun gehien duten pertsonei kalitatezko enplegua, enplegu duina, inklusiboa eskaintzeko sistema garatu behar dugu", adierazi du Markel Olano Gi­puzkoako diputatu nagusiak.

Tresna nagusia, lana

Horretarako, 16 lan lerro eta 30 neurri zehatzetan banatutako estrategia landu du Foru Aldun­diak, Etorkizuna Eraikiz pro­gramaren babespean eta Eusko Jaurlaritzaren 2030 Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat egi­nez. "COVID-19ak eragindako krisialdi sozialari aurre egiteko palanka izango da, batetik, eta epe ertainera begira, berriz, gizarte desberdintasunei mugak jartzeko tresna partekatua", au­rreratu du diputatu nagusiak. Lana izango da tresna nagusia "bizitza duina" bermatzeko, "baz­terkeria arriskuan dauden per­tsonak gizarteratzeko" eta "bi­zitza proiektu bat berdintasunez garatu ahal izateko", dio dipu­tatu nagusiak.

Estrategia zabal eta partekatu honen bitartez, erakunde, gara­pen agentzia, enpresa eta eragi­leekin elkarlanean, datozen hiru urteetan, bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonen­tzako 3.500 lanpostu berriren sorrera bultzatzea du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Pandemia aurreko datuen ara­bera, lurraldean ia 37.000 lagun daude pobrezia larrian eta, gai­nera, egoera horretan kroniko bihurtzeko arriskua dago. Baz­terkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonez gain, presta­kuntza baxua dutenak, langa­bezian kroniko bihurtu diren pertsonak, 45 urte baino gehia­gorekin langabezian daudenak nahiz biolentzia matxistaren biktimak kontuan izango ditu, bereziki, Elkar Ekin Lanean estrategiak.

Dirulaguntza deialdi berria

Estrategiaren hedapenerako, datozen hiru urte hauetan 36,6 milioi euro bideratzea aurrei­kusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horietatik, ia 3 mi­lioi euroko dirulaguntza deial­dia onartu berri dela aurreratu du diputatu nagusiak. Deialdi garrantzitsu honek igoera na­barmena izango du (%250ekoa); izan ere, 2020ko deialdian 1,2 milioiko zuzkidura izan bai­tzuen.

Elkar Ekin Lanean 2021-2023 estrategiak hiru alorretan era­gingo du, horiei lotutako sei helburu nagusi lortze aldera. Lehenik, lanean diharduten erakundeen eta eragileen siste­ma trinkotzeko ahalegina egin­go du, lankidetzazko gobernan­tza eredu bat garatuz. Dagoene­ko abian da estrategiaren zabal­kundea gidatuko duen mahai instituzionala eta hurrengo pau­soa izango da gizarte eta ekono­mia alorreko eragileak batuko dituen mahaia osatzea.

Bigarrenik, enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa zabaltzeko au­kerak indartzea izango du hel­buru Elkar Ekin Lanean Estra­tegiak. Horretarako, lanpostu berriak eratzeko esfortzuaz gain, inklusioaren ikuspegia landuko duten enpresa berrien sorrera sustatuko da, dagoeneko abian daudenen jarduera sendotzeaz gain. Hirugarrenik, bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonek aukera berdintasunez lan munduan txertatzeko auke­ra izan dezaten eragingo du estrategia honek, Eusko Jaur­laritzarekin eta Lanbiderekin elkarlanean.

Hori egiteko, 16 lan lerro eta 30 neurri konkretu ezarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Besteak beste, dirulaguntzak, gizarteratze enpresa berrien sorrera, informazio sistema adi­menduna, txertatze soziolabo­raleko gune berezia eta halako egitasmoak sustatuko dira.

Neurri horien guztien inpak­tu gisa, hiru urtean 4.000 lagu­nengana iristea aurreikusten da, 2.500 lagunen formakuntza bideratu eta 3.500 lanpostu be­rriren sorrera bultzatu. Gaine­ra, 2023rako lurraldean hamabost gizarteratze enpresa edukitzea ezarri dute xede.