#Udalbatzarra

Israelek Palestinako herriari egiten dizkion giza eskubideen urraketen aurkako adierazpena

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 28a, 10:46
Tadamun elkargune internazionalistak deituta, palestinar herriari babesa adierazteko maiatzaren 15ean Mikel Laboa plazan eginiko elkarretaratzea.

Israelek Palestinari egindako giza eskubideen urraketak salatu eta palestinarrei babes adierazten dien adierazpena onartu du aho batez Usurbilgo Udalak.

Azken aldian irudi latzak heldu zaizkigu Gaza aldetik, Israelek lur eremu palestinar herriari eginiko erasoen harira. "232 palestinar hil dira, horietako 65 umeak", 10 egunez eginiko ehunka bonbardaketen ondorioz. Hala gogorarazten digu, gai honi lotuta udalbatzak ostegun honetako osoko bilkuran aho batez onartu duen adierazpenak.

Batetik, "Israelek Palestinako herriari egiten dizkion giza eskubideen urraketak salatzen ditu"; zehazkiago esanda, "Israelek lurralde palestinarrak legez kanpo okupatzea salatu eta gaitzesten du", palestinar herriaren giza eskubideekiko elkartasuna adieraztearekin batera. Eraso militarrak etetea eskatu eta "elkarrizketarako zein negoziaziorako bideei eustea", eta Palestinara laguntza humanitarioa indartzea eskatzen die euskal erakundeei.

Adierazpen Instituzionala edo mozioa-Palestina 
Israelgo auzitegiek Jerusalemgo Sheikh Jarrah auzotik hainbat familia kanporatzeko eta Israelgo estatuko segurtasun indarrek Al-Aqsa meskitaren aurka egindako erasoaren ostean, Palestinako tentsioa gogortu egin zen berriro.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak asteartean, maiatzak 11, iragarri zuen Israelek Gazaren aurkako erasoak areagotuko zituela. Ia 10 egunez luzatu ziren erasoetan, ehunka bonbardaketa egin ditu Israelek Gazan eta ondorioz, 232 palestinar hil dira, horietako 65 umeak.

NBEk hasieratik ohartarazi zuen, indarkeria maila horrek Palestinako biztanleengan izango zituen ondorioez. Zorionez, dagoeneko su-etena baieztatu dute baina eragindako sarraskia sekulakoa izan da.

Gertakari horien aurrean, Usurbilgo Udalak:
-Israelek Palestinako herriari egiten dizkion giza eskubideen urraketak salatzen ditu. Ildo horretan, nazioarteko komunitateari dei egiten diogu erasoaldi militar hori errepikatu ez dadin eta elkarrizketarako zein negoziaziorako bideei eusteko, Mahmud Abbas Palestinako presidenteak Europako erakundeen laguntzarekin Nazioarteko Bake Konferentzia bat egiteko egindako eskaera babestuz.

-Nakbaren 73. urteurrenean, Israelek lurralde palestinarrak legez kanpo okupatzea salatu eta gaitzesten du, eta, aldi berean, elkartasuna eta konpromisoa adierazten du herri palestinarraren giza eskubideen defentsarekin, Nazioarteko Zuzenbideak ezartzen duen bezala.

-Palestinarako laguntza humanitarioa indartzeko eskatu die euskal erakundeei, pandemiak are gehiago areagotu baitu haien egoera.