Mugikorren erabilerari buruzko hitzaldiak Udarregi Ikastolan LH5 eta LH6ko geletan, eta gurasoekin formakuntza saioa

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 2a, 16:21

Gure aukera, guk 16” proiektuaren baitan, ekainaren 9an eta 16an, goizez saio bana egingo dute Udarregi Ikastolako LH5 eta LH6ko gela bakoitzean aparatu elektronikoen erabilerari buruzko kontzientzia sortzeko. Maila horietako gurasoek ere zita izango dute gai bera lantzeko; baita DBH1eko gurasoek ere. Arratsaldeko 18:00etan izango da hori, ekainaren 7an, Ageri-aldeko jangelan.

LH5 eta LH6ko ikasleei hitzaldiak emango dizkiete aparatu elektronikoen erabilerari buruzkoak. Oraindik mugikorrik ez duten gazteei lehen aparatu hori ahalik eta beranduen ematea izango da helburua, eta beharrezkoa ez dutela erakusten ahaleginduko dira.

 

Guraso bilera smartphonek eta Internetek dituzten onurak eta arriskuak aztertzeko izango da, eta aurretik ikasleekin egindako saioetatik ateratako adierazpen eta ondorio garrantzitsuenak azaltzeko; gurasoek beren seme-alabak nondik nora dabiltzan ezagutzeko aukera izan dezaten. Helburua izango da hausnarketa lan bat egitea kontzientziazioa sustatu, praktika onak zeintzuk diren ezagutu eta gazteak ze puntutan dauden jakiteko.

 

Saio horretako eta kontzientziazio kanpainen ondorioz, gurasoen erantzunaren arabera antolatuko dute formakuntza ikastolan irailetik aurrera. Jakin badakite DBH1ko ikasleei jada ezin zaiela mugikorra kendu, baina bai erabilera egokia zein den azaldu. Adin-talde horretan, beraz, ikasleek eta gurasoek formakuntza jasoko dute.

 

DBH1eko gurasoentzako mezua

DBH1eko gurasoentzako formakuntza-proposamena egin du Udarregi Ikastolak. Bi orduko hiru saio eskainiko ditu Miren Ros teknikariak. Lehenengoan, kontzientziazioa eta hausnarketa landuko dituzte pantaila ezberdinen erabileraren inguruan hausnarketa bultzatutzeko. Helduek zer-nolako erabilpena egiten duen pentsarazi, kontzientzia piztu eta erabaki batzuk hartzera animatuko dituzte. Bigarren saioa sare sozialei eta bideojokoei buruzkoa izango da, helduen erabilpenean oinarrituko da, norberaren hausnarketa eta erabakiak hartzeko gaitasuna bultzatzeko. Eta azkenik, gurasoekin interneteko arriskuak izango dira hizpide. Interneten arriskuak aztertuko dituzte, eta haiengandik nola babestu azalduko zaie.

 

Proiektuan parte hartuko duten guraso guztiei seme-alabei buruzko informazioa emango diete, geletan egindako saioen emaitzak eta ondorioak azaldu eta baliabideak eskura jarriko dizkiete.