Asteburu erabakigarria, Usurbil K.E.-ko senior neskek eta kadete mutilek

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 4a, 09:13

Usurbil K.E.-ko senior neskek eta kadete mutilek asteburu erabakigarria biziko dute, Iruñean eta Granollersen hurrenez hurren.

Senior neskek, Ohorezko Bigarren Mailara igoera jokoan
Asteburu honetan Usurbil KE-ko senior neskek Ohorezko Bigarren Mailarako txartela eskuratzeko aukera izango dute. Euskadiko txapeldunek, Estatu Mailako fasea jokatuko dute Iruñean ostiraletik hasi eta igandera bitarte. Lau taldek osatutako B multzoaren barnean arituko dira usurbildarrak Nafarroako Anaitasuna, Aragoiko A.D Jota eta Kantabriako Lieberbank BM. Peredaren aurka.

Sei sektoretan banatuta egongo da txapelketa, eta parte hartuko duten 24 taldeetatik seik baino ez dute lortuko Bigarren Mailarako igoera. Multzo bakoitzeko garaileak lortuko du igoera, eta beraz, garaipen hori lortzeko B multzoko lehena izatea lortu beharko du Urbil-Usurbil KE taldeak.

Usurbilek gehiagotan ere lortu izan du igoera, eta urtebetez aritu ziren Bigarren Mailan 2016-2017 denboraldian. Igoera gehiagotan ere lortu izan dute, baina arazo ekonomikoak tarteko, ez dute gehiagotan aukerarik izan Ohorezko Bigarren Mailan aritzeko. Aurten, igoera lortuz gero, berriz ere maila horretan lehiatuko dira datorren denboraldian, hala adierazi die klubeko zuzendaritzak jokalariei.

SENIOR NESKEN NEURKETAK
Tokia: Iruñeako Anaitasuna.
-Ekainak 4, ostirala: 18:00 Urbil Usurbil K.E.-Ad La Jota (Zaragoza).
-Ekainak 5, larunbata: 20:15 Urbil Usurbil K.E.-Liberbank BM Pereda (Santander).
-Ekainak 6, igandea: 12:30 Helvetia Anaitasuna (Iruñea)-Urbil Usurbil K.E.


Kadete mutilak

Granollersen galdu ezineko zita dute asteburuan Usurbil KEko kadete mutilek. Euskadi mailan hirugarren postua erdietsi zuten, eta horrek Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera eman zien. Asteburuan izango dute beren maila erakusteko aukera Katalunian, ostiraletik igandera bitarte.

Zortzi multzotan banatutako txapelketan, Espainiako 32 talderik onenek hartuko dute parte, eta hirugarren multzoan arituko dira usurbildarrak Kataluniako KH7-BM Granollers, Valentziako BM Mislata eta Nafarroako Anaitasuna taldeen aurka. Zonaldekako faseari dagokionez, partida horiek egokitu zaizkio herriko taldeari. 

32 taldeentzat 8 txartel egongo dira jokoan finalean parte hartu ahal izateko. Multzo bakoitzeko irabazleek baino ez dute aukera izango finalera pasatzeko. Ekainaren 16tik 20ra bitartean jokatuko dira finaleko partidak, eta talde garailea izendatuko dute 2020/2021 denboraldiko klubik onena.

KADETE MUTILEN NEURKETAK
Tokia: Granollers (Katalunia).
-Ekainak 4, ostirala: 20:00 KH-7 BM Granollers (Granollers)-Usurbil K.E.
-Ekainak 5, larunbata: 16:00 Helvetia Anaitasuna (Iruñea)-Usurbil K.E.
-Ekainak 6, igandea: 11:30 Usurbil K.E.-Club Balonmano Mislata A (Valencia)