Gertuago.eus

Tokiko merkataritza eta ostalaritza indartzeko bigarren plana martxan

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 11a, 14:27

Tokiko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko Usurbilgo Udalak Siadecorekin landutako bigarren plangintza martxan dute bost urterako. 2024. urtera arte milioi bat euroko inbertsioa bideratuko du Udalak sektore honetara.

7 helburu estrategiko nagusi, 6 jarduera-ildo estrategiko, 23 proposamen eta 40 ekintza zehaztuak ditu Usurbilgo merkataritza eta ostalaritza, "testuinguru zail eta konplexu honetan" biziberritzeko Usurbilgo Udalak Siadecorekin landu duen bigarren planak. 2009-10 urte artean diseinatu eta azken hamarkadan martxan izan den lehenengo plangintzaren segida da. Orduko hainbat egitasmo bideratu ostean dator berria; besteak beste plangintza hartatik eratorritakoak dira erosketak egiteko aparkaleku urdinak edota erosketak ordaintzeko txartela. Honako hau gutxienez bost urtez izango da indarrean. Milioi bat euro inbertituko ditu sektoreotan udalerri honek.

Pandemiak eragindako "egoera ezegonkor, aldakor eta ziurgabean" aurrera jotzeko, nora joan seinaleztatuko duen itsasargi bezala definitu du Agurtzane Solaberrieta alkateak plangintza berria, ostegun honetan Potxoenean egin duten aurkezpenean. Egitasmoak "hara iristeko garatu beharreko ildo estrategikoak, eragile bakoitzaren egitekoak ondo definitzen ditu". Sektorea babestu eta zaintzeko beharra dagoela azpimarratzen du alkateak, Udalaren erronka nagusietakoa dela, "mundu geroz eta globalizatuago eta digitalizatuago batean" bizita, alkateak gaineratzen zuen moduan, pandemia honek sektoreak bizirauteko aurrez zituen zailtasunak areagotu baino ez dituenean. 

Pandemiagatik egokitu beharra
2019. urte amaieratik pandemiak bizimodua aldarazi arteko tartean landu zuten diagnosia, covid19ak etxean sartu gintuenean jarri zuten martxan plana. Diagnosia diseinatzeko sektore eragile bakoitzarekin banaka elkarrizketatu ziren, baita 600 etxebizitzatik gora ere. "Emaitza zehatzak eta oso interesgarriak utzi ditu", zioen Potxoenean, lanketa hau bideratua duen Siadecoko ordezkari Juanjo Allurrek, parte hartu dutenei eskerrak helaraztearekin batera.

Pandemiak bete-betean eragin du egitasmo honetan. "Diagnosiaren ondorioak eguneratu beharra izan genuen", Allurren esanetan. Eta plangintza jorratzeko aurreikusiak zituen lehentasunak eta dinamikak aldarazi zituen.

Sei ildo estrategiko
Zailtasunak zailtasun, "diagnosiak erakutsi du tokiko merkataritza bizirik dagoela eta pandemia garaian ere herritarrek erantzun dutela". Allurren esanetan, "sektoreak hori baloratu eta eskertu nahi du. Bizirik dago eta plan bat dago orain bizirik jarraitzeko".

Garatzea aurreikusten dituen lan ildoak sei dira guztira. Batetik, sektoreko lankidetza indartzea, "bakarka ibili baino elkarrekin arituta emaitza hobeak lortuko direla benetan sinestea", Allurrek zioenez. Horrekin batera, Hurbilagora bazkide berriak erakartzea, kanpo komunikazioa garai berrietara egokitzea. 

Lankidetza publiko-pribatua sustatzea litzateke beste helburua, sektorea zeharlerroa izatea herrigintzaren alor guztietan, ezinbesteko eragile gakoak kontuan hartuta; sektorea, Udala eta herritarrak, herri eragileak. "Herri bizia izaten segitzeko sektore garrantzitsua da" ostalaritza eta merkataritzarena, Allurrek nabarmentzen zuenez. Herriko bizitza soziokulturala ostalaritzarentzat onuragarria dela adierazita, urrats bat gehiago emateko erronka proposatu zuen; merkatarientzat ere onuragarria izatea. "Larunbateko plana" inguruko merkataritza gune handietara joan beharrean, "gure herrian" geratzea izatea.

Merkataritza eskaintza ahalik eta osoena izatea Usurbilek, hortxe hirugarren erronka, bai herrigunean eta auzoetan. Horretarako erraztasunak eskaintzen jarraitzea negozio berriak zabaldu nahi dituztenei (alokairurako, inbertsioetarako...) eta dauden "hutsuneak osatzeko ahalegin berezia egitea", egun herriak ez dituen zerbitzu eta produktuak eskaintzeko. Eta bestelako zerbitzu osagarriak ematea, hala nola produktuak etxera eramateko zerbitzua.

Ikusgarritasuna eta modernizazioa sustatzea
Sektoreari ikusgarritasun gehiago ematea da, jorratu nahi duten laugarren lan-ildoa, mundu birtualean martxan den gertuago.eus webgunearen bidez, edota kalean, Hurbilagok herri bizitza sustatzeko bidera ditzakeen ekimenen bidez. 

Bosgarren jarduera estrategikoa; sektorearen modernizazioa. Etengabeko formazioa bultzatu eta teknologia berrietan murgiltzea, tartean, 2022rako martxan jarri beharko duten TicketBai egitasmorako berregokitzea. 

Azkenik, herri nahiz auzoak erosoago eta erakargarriago bilakatzea, paseorako eta erosketak egiteko oinezkoen eremuak sustatuta, eta aparkalekuak hurbil izanda.