Bertatik Bertara kanpainarekin bat egin du Usurbilek, eta mahai gainekoak eskuratu ahal izango dituzte ostalariek

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 17a, 17:07

Bertatik Bertara kanpaina abiatu du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta Usurbilgo Udalak bat egin du kanpainarekin. Kanpainaren helburua da udalerri euskaldunetara jotzen duten bisitariek zein bisitariekin harreman zuzena izaten duten zerbitzuen sektoreko arduradun eta langileek euskara aintzat hartzea. Jatetxe eta tabernentzako 4.000 mahai gaineko banatuko ditu udalak kanpaina bultzatzeko.

Nabarmendu dute bisitariei arreta erdaraz eskaintzea bertako hizkuntza alde batera uztea dela. Euskaraz egin edota gutxienez oinarrizko esamoldeak euskarazkoak izan daitezen gonbita egin diete ostalariei. Bisitariek sarri adierazi izan dute horren bila jotzen dutela udalerri euskaldunetara. Horretarako, pare bat aholku eman dizkiete. Batetik, lehen hitza eta agurrak euskaraz izatea, eta eskerrak euskaraz ematea. Bestetik, lokaleko zein erabiltzen dituzten komunikazio kanaletako hizkuntza zaintzea: kartelak, menuak...

 

Mahai gainekoak banatuko dituzte sektoreko establezimenduen artean. Zenbait oinarrizko esamolde euskaraz zein beste hainbat hizkuntzatan nola esaten diren erakusten dute, koadro baten bidez, bisitariek ere ahotan euskara erabil dezaten. Usurbilgo Udalak halako 4.000 banatuko ditu herriko ostalarien artean. Horiek telefonoz 943 37 19 99ra deitu beharko dute edo administraria@usurbil.eus -era idatzi eskuratu ahal izateko.

 

Merkatariak eta ostalariak gaiarekin sentsibilizatzeko bideo bat egin dute UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, Arnasa Gara kanpainaren barruan egindako Euskara da gure postalik ederrena izenburupean.