Koronabirusa

Itxiera ordua 2:00ak arte luzatu eta gune itxi nahiz irekietako edukiera handitzea baimendu du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 18a, 19:40

Larunbat honetatik bertatik, egoera epidemiologikoak hoberantz egin duenez, covid19ari aurre egiteko neurriak malgutzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, LABI aholku batzorde teknikoa bilduta izan ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldi bidez berri eman duenez. Malgutu dituen neurrien artean, 2:00ak arte luzatu dela jardueren (kultur jarduerak, ostalaritza establezimenduak...) amaiera edo itxiera ordua, edota gune itxi nahiz irekietako edukiera handitzea ere baimendu dutela.

Egunotan aurreikusten ari zirena bete da; covid19aren hedapenari aurre egiteko orain arte indarrean zeuden hainbat neurri malgutzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak ostiral arratsalde honetan, egoera epidemiologikoak hobera egin duela ikusita. Eta ohi baino azkarrago jarriko dituzte indarrean, larunbat honetan bertan, ekainaren 19an. 15 edo 20 bat egunez behintzat bai. Tarte hori igarota "berrikusiko da, aldez aurretik edozein berregokitze egitea beharrezkoa ez bada".

Eta azken aldiko joera baikor honek, kasu positiboen kopuruak murrizten segitzen badu edota ospitaleetako presioa ere gutxitzen badoa, "Bizi Berri III planak proposatzen dituen neurri berriak hartuko dira, edota osasun larrialdia bertan behera uztea aztertuko da".

Egun, aipatu planak aurreikusitako bost mailetatik (bosgarrena larriena litzateke), bigarrenean gaude. Heriotza kopurua ere iazko udatik izandako baxuena da Araban, Bizkaia eta Gipuzkoan. 1.115.000 herritarrek txerto dosi bat jaso dute, 50 urtetik gorako herritarren %93 baino gehiagok, 750.000 jada guztiz txertatuak daude.

Halere zuhurtziarako deia egin du Eusko Jaurlaritzatik, ostiral arratsalde honetan agerraldia egin duen Iñigo Urkullu lehendakariak, Covid19aren aldaera berriek sortarazi dezaketen arriskuagatik.


NEURRI BERRIAK
Noiztik:
ekainak 19, larunbata.
Noiz arte: 15-20 egun gutxienez.
Neurriak:
1-Jarduerak ixteko ordutegia gaueko ordu biak arte luzatuko da. Oro har, edukieraren muga % 60-koa izango da.
2-Edozein gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako, gehienez 600 pertsona egongo dira barruan eta 800 kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, maximoa 800 pertsonara zabaltzen da barnealdean eta 1.200 pertsonara kanpoan. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten instalazioetan, gehieneko edukiera % 30ekoa izango da.
3-Ostalaritzan, mahai bakoitzeko sei lagun elkartzea ahalbidetzen da, bai kanpoan eta baita barruan ere. Barneko edukiera % 50-ean mantenduko da.
4-Txokoak eta elkarte gastronomikoak ireki ahal izango dira, ostarlaritzaren irizpide berdinekin. Edukieraren muga % 50-ekoa izango da, eta goizeko bederatzietatik gaueko ordu biak arte irekiko dira.
5-Aire librean egiten diren kultura, turismo edo natura bisitetan taldeek 20 pertsona elkartu ahal izango dute. Barnealdean 10 pertsona elkartu ahal izango dira.
6-Barruko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsonako taldetan egituratu ahal izango da. Aldageletako edukiera % 50-era arte handituko da. Eskola-kirolaren lehiaketak udako txapelketetarako baimenduko dira.