Usurbilen egin du batzar nazionala Ernaik

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 22a, 10:30

Ernai gazte antolakundearen ekainaren 20ko batzar nazionala. Argazkiaren egilea: Ernai.

Amaierara heldu den ikasturtearen balantzea egin eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartu zuen Ernaik, igandean Udarregi Ikastolako patioan ospatu zuen batzar nazionalean.

Ernai gazte antolakundeak Usurbil hautatu zuen iragan igandean, ekainaren 20an, batzar nazionala egiteko. Gazte antolakundeak berak sare sozialen bidez zabalduko argazkia duzue albiste honi atxikitakoa. Hedabideotatik berri eman dutenez, "ikasturte honetatik ikaspenak atera, udako zereginak landu eta aurrera begira jarri gara", adierazi du Ernaik.

Datozen urteei begira hain zuzen. "Erronkaz betetako urteak datozkigu eta gazteok prest gaude erantzuteko, ekiteko momentua baita", dio gazte antolakundeak.

Gazte Eztandatik
Iragan aste amaieran, Hernanin eginiko Gazte Eztandatik zetorren besteak beste batzar nazional horretara, ekimen honekin bat egin zuen Buruntzaldeko Ernai. Kulturgintza eta sorkuntzaz, emantzipazioaz hausnartzeko tartea hartu zuten. Buruntzaldeko neska* gazteek uztailaren 9tik 11ra Usurbilen ospatuko diren udaleku feministak aurkeztu zituzten. Zikloa gazte agerraldi batekin borobildu zuten.

Erlazionatuak