#udalbatzarra

Behemendi, Udalaren baliabide propioa aurrerantzean

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 25a, 11:01
Garai bateko Bus Taxi zerbitzua, egungo Bidez Bide, Behemendi eta Udalaren arteko elkarlanetik jaio zen.

Behemendi Landa Garapen Elkarteak eginiko eskaerari baiezkoa eman dio udalbatzak; Usurbilgo Udalaren baliabide propioa izango da aurrerantzean.

Usurbilgo Udalak baliabide propio berri bat izango du aurrerantzean; Behemendi Landa Garapen Elkartea. 1992. urtean eratutako Donostia-Bidasoako elkartea izan zen iragan maiatzean "baliabide propio edo berezko" izendatua izan zedila eskatu ziona Usurbilgo Udalari. 

Eskaera ostegun honetako udalbatzarrera eraman zuten, eta aho bateko babesa eman zioten udal taldeek. Behemendi barruan dira Usurbilgoa eta beste hamabi udalerri, Beterri-Buruntza, Donostia nahiz Oarsoaldekoak, beste zenbait erakunderekin batera. Guztira 26 kide ditu.

Elkartearen helburu nagusia da "nekazari eta abeltzainen produktuen ekoizle eta industria, nekazal-turismo arloko profesionalak eta udal erakunde arteko partaidetza eta lankidetza bideratzea, Donostia-Bidasoa bailarako landa garapen ekintzak gauzatzerakoan". 

Udalarentzat hamaika lan egindakoa da Behemendi urte guztiotan: herri bideetako garbiketa eta desbroze lanak; landa eremuko "Bidez bide" zerbitzua; eskualdeko turismo planaren garapena; landaguneko 3. adinekoen egoeraren azterketa; urteroko nekazal plastikoen hondakinen bilketa; Usurbilgo lur bankuko eremuen kudeaketa; Usurbilgo nekazari ekintzaileak laguntzea; artilearen bilketa koordinatzea; hainbat azoketarako beharrezko karpak uztea; landa eremuan banda zabala hedatzea; hondakinen tokiko tratamendurako ekimenak bultzatzea, baserri konposta; udalerriko bestelako nekazal eragileekin hainbat sustapen lan...