#udalbatzarra

Jasotako ezohiko diru-sarrerekin, beste hainbat egitasmo finantzatzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 25a, 12:42
Harane futbol zelaira bideratuko dute besteak beste, kreditu aldaketa honen harira egin asmo duten inbertsioetako bat.

Usurbilgo Udalak jaso dituen hainbat diru-sarrerei esker, hainbat egitasmo finantzatuko dituztela berri eman du udal gobernu taldeak, ostegun honetako udalbatzarrean. Udal aurrekontuetan kreditu aldaketa bat txertatzeko proposamena onartu zuten gehiengo osoz.

Ezohiko diru-sarrerak izan ditu Usurbilgo Udalak; 207.000 euro guztira, udal gobernu taldetik ostegun honetan egin duen udalbatzarrean berri eman dutenez. Kopuru horretatik 157.318 euro BEZaren kobraketari lotutakoa, 36.627 euro hiri lurren balioaren gehitzeari lotutakoak dira eta gainerako 13.055 euroak covid19aren harira, Espainiako Gobernuak Foru Aldundiari eta Aldundiaren eskutik Gipuzkoako udalerriek, tartean Usurbilek jasotako ezohiko funtsa.

Aurreikusi baino handiagoak izan diren diru-sarrera hauek zertara bideratuko dituzten ere aditzera eman zuen udal gobernu taldeak osteguneko udalbatzarrean. Batetik, udal bridagaren aspaldiko eskaria bete nahi dute; hondeamakina berri bat erosiko dute, Oiardo Kiroldegian altueran lanak egiteko igogailu bat ere bai. Harane futbol zelaiko harmailak eraikiko dituzte. Azkenik, sagardoaren kulturari lotutako ikerketa antropologiko batera bideratuko dute baita ezohiko diru-sarrera hauen zati bat.

"Konponbide koherente eta bideragarria"
Diru partida hauekin desados agertu zen EAJ. Ez zaie nahikoa iruditzen jeltzaleei, Haraneko harmailetara bideratu asmo duten kopurua, Haraneko harmailak behin behinekoak izan eta gune horretako arazo bakarra ez direla ohartarazita. Dirua hondeamakina erosteko baliatu ordez, modu eraginkorrago batean inbertitzea irudituko litzaieke esaterako, Etxealdiako irisgarritasuna hobetzeko prozesura bideratuz gero.

Udal gobernu taldetik Haraneko harmailak eraikitzera bideraturiko 13.000 euroen harira, futbol zelaian zein arazo zegoen galdetzen zioten EHBildutik EAJ-ri. Behin betikoak eta estaliak izango direla argitu zieten udal gobernu taldetik. Ezinbestean, eraikita dagoenaren "gainean erabakitzen dugu". Udalbatzarrera eramandako "konponbide hau Usurbil F.T.-rekin adostua izan da", gaineratu zuten. Futbol partidak ikustera joandakoak eroso sentitu eta ez bustitzeko "konponbide koherente eta bideragarria" dela. Hondeamakinaren kasuan bezala, denon dirua modu eraginkor eta arduratsuan baliatu dutela. Egungo udal hondeamakinak 27 urte ditu, hamaika lan eta ekitaldietarako baliatu dute. Herri lan gehienak baliabide propioekin egiten ditu brigadak, "makinaria behar du" ordea, zioten udal gobernu taldetik. Eta heldu da, EHBilduren esanetan, hain erabilia den baliabidea berritzeko unea. 

Hondeamakina zenbatetan eta zertarako baliatu ohi den ezagutu "eta gero egin ondorio horiek" luzatu zioten gonbita udal gobernu taldetik EAJ-ri.

Aipatu moduan, Udalak jasotako ezohiko diru-sarrera hauekin udal aurrekontuetan kreditu aldaketa bat txertatzeko proposamena egin zuen udal gobernu taldeak osteguneko udalbatzarrean. EHBilduk eta PSE-k babestu zuten. EAJ aurka agertu zen.