#udalbatzarra

Torturaren biktimak babesteko nazioarteko egun honi lotutako mozioa onartu dute

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 26a, 12:12

Larunbat honetako Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren harira mozioa onartu zuten osteguneko udalbatzarrean.

Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Eguna dugu larunbat hau, ekainaren 26a. 5.000 torturatu baino gehiago Euskal Herrian. "Krimen horien zigorgabetasuna ez onartzera eta tortura ahalbidetzen duten sistemak (legeria eta auzitegi bereziak, torturaz erauzitako testigantzetan oinarritutako zigorrak...) eraldatzera eta bertan behera uztera deitzen dugu", dio EHBilduk aurkeztu eta gehiengo osoz osteguneko udalbatzarrean onartu zuten mozioak.

"Gorputz polizial desberdinen eskuetan tortura fisiko edo psikiko oso larriak jasan dituztenen abandonua eta ahanztura instituzionala salatzen du" mozioak eta beraz, "aitortza instituzionala egiten dio haien sufrimenduari egia, justizia eta oroimena eskatuz, eta etorkizunean inoiz ez errepikatzeko neurriak hartu daitezen".

"Ez dira ikertu nahi izan"
Oposiziotik EAJ-k testu alternatiboa aurkeztu zuen, bozeramaile Josune Urkolak berri eman zuenez, Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztiek babesturiko testua, "gu era guztietako torturen aurka gaudela" argi utzita. Albiste honetan beherago duzue edukia osorik. 

Udal gobernu taldetik alkateak jeltzaleei erantzun zienez, "kontestua falta da zuen testuan". Zergatik, zenbat torturatu izan diren ez da aipatzen, eta testuinguru hori azaleratzea ezinbestekotzat jotzen zuten. "Aitortu eta onartu, ez dutela jaso orain arte errekonozimendurik eta hori huts egitea izan dela". Beste aldera begiratu dela tortura kasuen aurrean, eta torturei lotutako ebazpen judizial oso gutxi daudela gogoraraztearekin batera, "Usurbilen ere baditugu, ez gutxi, tortura jasan duten herritarrak. Ez dira ikertu nahi izan", adierazi zuen alkateak, tristura adieraztearekin batera.

PSE-tik Patxi Suarezek torturaren biktimei babesa adierazi eta gizateriaren aurkako krimentzat jo zituen, torturatuek "biktimizazio bikoitza" pairatu behar izan dutela, horrekiko atsekabea eta mespretxua adieraztearekin batera. "Tortura polizialaren biktimek utzikeria jasan behar izan dute, auzitegietan ere bai". Egun ordea lehen urratsak ematen ari direla nabarmendu nahi izan zuen. Baita udal barruan ere. "Gaur adostasuna lortzen ez badugu, jakin badakit etorkizun hurbilean adostasun hori lortuko dugula". 

Gai berari buruzko bi mozio proposatu ziren azkenean. Bakarrak jaso zuen ordea udal ordezkarien gehiengoaren babesa; EHBilduk aurkeztutakoak hain zuzen, EAJ eta PSE abstenitu ziren arren. EAJ-k aurkezturikoak PSE-rena aldeko bozka jaso zuen. EHBildu abstenitu zen.





EAJ-ren MOZIOA

TORTURAREN BIKTIMEN  NAZIOARTEKO EGUNEKO ERAKUNDE ADIERAZPENA

 

Eusko Legebiltzarrak torturaren eta botere-abusuen biktimak aitortzeari buruz onartutako 69/2019 legez besteko proposamenarekin bat etorriz, Usurbilgo udalak honako hau

ERABAKITZEN DU

1.- Nazio Batuen Ekainaren 26an Torturaren Biktimen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimenarekin bat egitea.

2.- Oroitzapen horren helburua da biktima horiek gizartearen aurrean aitortzea, giza eskubideen urraketa larri horrek dakarren bidegabekeriagatik. Horrela, torturaren eta botere-abusuen biktimekiko beharrezkoa den aitorpen instituzionala babesten dugu, haien sufrimenduari egia, memoria eta ordaina emateko beharrari balioa emanez, eta botere publiko demokratiko guztiei eskatzen diegu neurriak har ditzatela, etorkizunean inoiz errepikatuko ez direla bermatzeko.

3.- Jakinaraz bekie akordio hau Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari.