Koronabirusa

Botiltzar eta "ez jaiak" debekatuko dituen dekretu berria onartu du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 7a, 12:44

Aldaketa nabarmenik ez, covid19aren hedapenari aurre egiteko neurrietan. Dekretu berria onartu du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, ostegun honetatik aurrera indarrean izango dena.

Momentuz aldaketa nabarmenik ez. Covid19aren hedapenari aurre egiteko orain arteko neurriei eutsiko die Eusko Jaurlaritzak. Ostegun honetan (uztailak 8) indarrean sartuko den dekretu berria onartu dute; urrira arte indarrean izango den Bizi Berri 4. Plana.

Aipatu moduan, azken asteotako neurriei eutsiko dio Jaurlaritzak. Ez dira indarrean direnak gogortu edo arinduko. "Neurri murriztaileen arintzea gelditu egingo da oraingoz, eta egungo goranzko bilakaera egonkortu eta jaitsi arte", zehaztu du Jaurlaritzak. 

Covid19 kasuen gorakadak bere horretan jarraituko balu, "edo ospitale-presioa areagotuz gero, merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduerak ixteko muga-ordutegia aurreratzea eta beste neurri osagarri batzuk hartuko dira kontuan".

Botiltzarrak eta jende pilaketa eragin dezaketen "ez jaiak" diren hainbat hitzordu debekatuko ditu dekretu berriak. "Indarrean dauden neurriez gain, "botiloi" edo "jaiegun ez diren" jaiak edo pertsonen pilaketa adierazten duten antzeko beste ekitaldi batzuk egitea debekatzen da. Debeku hori aplikatuko da metro eta erdiko pertsonen arteko distantzia eta aplikatu beharreko gainerako prebentzio-neurriak errespetatzen ez dituzten topaketa horietan, bai barrukoetan, bai kanpokoetan".