Kultur Bira

Giza proba ikusgarria usurbildarren artean

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 10a, 14:26

Usurbilgo Kultur Bira gaur kirolez blaitu zaigu. Eguerdian giza proba ikusgarria ospatu da usurbildarren artean. Hilabeteotan plazan prestatzen aritu diren "desapiyotik" erronka berria sortu da.

Erakustaldi ikusgarria zalantza izpirik gabe. Itzal freskorik ez zuten eguzki izpi bizi artean ahalegin itzela egin dute larunbat eguerdian, giza proban parte hartu duten usurbildarrek. Hiruko bi taldeen artean, "desapiyo" ederra eskaini diete Dema plazara joandakoei. Aimar Zuloaga, Iurgi Mendiluze eta Imanol Zaldua, Joseba Santxezen laguntzarekin. Bestetik, Gabi Sarasola, Berdaitz Larrarte eta Aitor Alkorta, Txomin Alkorta gidari zutela.

Tira behar zutena, 1.800 kiloko Ur Epel harria zen. 20 minututan zenbat plaza egin, hortxe erronka. Azken hilabeteotan, gogor entrenatu dira; astean zehar arratsaldeko azken orduan ikusiko zenituzten prestaketa lanetan serio asko. Heldu da eguna, aipatu moduan, lehia ikusgarria eskaini dute. Garaileak, lehen taldekoak; Aimar Zuloaga, Iurgi Mendiluze eta Imanol Zaldua. Plaza bat, zortzi zinta eta 1,68 metro egin dituzte 20 minututan.

"Desapiyo" batetik, bestea
Egitasmo batetik berri bat sortzen den moduan, erronka batetik bestea. Gaurko lehian txapeldunen taldea gidatu duen Joseba Santxezek "desapiyo" berria proposatu du. Bera 750 kiloko harriarekin bakarrik lehiatzen den artean, hiru lagun 1.800 kiloko harriari tiraka egitea. 30 minutuko tartean nork egin joan etorri luzeagoa. Erronka sinatzekoak ziren gaur Bordatxo tabernan. 

Datozen hilabeteotan honenbestez, izango dugu "desapiyo" honen berri.